Dakienak dakiHizkuntza

Zer da ‘pitxilorea’?

Posted on

Gaztelaniaz ‘margarita’ deritxon loratxoari esaten jako berez pitxilorea. Hiztegira bagoaz: “Bitxilora: [/ pitxilora:] 1 iz. txiribita; ‘margarita’. Klasikoetarik azaltzen jakun berbea, bere esangura zuzenean: “Eskeñiten deutseez inzensoa, urrea, bitxilorak ta doe estimagarri balio andikoak” (Añibarro Misionari I).

Adiera oinarrizkoa hori da. Oraintsuago be irakurri izan doguna: “Eldu jaken andreak / nai eban eguna, / erakusteko gona / bitxiloraduna” (Azc PB 97). “Bidexigorraren ertzetan loratutzen diran pitxiloreak” (Otaegi EE 1882c, 480). “Belarsoruetan bitxilorak (margaritas) ereiten dira” (EEs 1913, 113).

Gerora, loratxoa bera izentetako baino gehiago, irudi esanguraz nagusitu izan da, berbetan zein literaturan. Halan, F. Arrese-Beitia otxandioarrak be badarabil, baina umetxo edo neskatilatxo bati buruz diharduala: “Bera izan zan ume denporan pitxilora bat, / lirio zuri, niri eskua emotean” (Ama.Euskeria). Adiera hurrekoaz darabil Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’k be; neskatila gazte bat pitxiloreaz konparantzan: “Nexka zurbiltzen ari zen, zabaldu orduko eguzki-izpiek erretzen duten pitxi-lore zuria bezala” (Mireio).

Pitxilora izena, irudi-esanguraz gorde izan da gehiago herri-berbetan, udabarriko loratxo txiki hori-zurien esangura garbian baino. Neskatila eta emakumeei zuzenduriko kualidade edergarri modura entzun dot nik sarriago. Haremen gure pitxorea! Pitxilora polita zer zara ba!. Halakoak Arratia aldean behintzat (Arantzazu) sarritako berbak dira (Jon Etxebarria, ‘Alkate’).

Baina beste hainbat izen be bajakoz lora txiki orri zuridun honi euskeraz.

Hegoaldeko euskaldunon artean, txibirita dala esango neuke, zabalen dabilen izena, edo metatesi bidez, txiribita.

Beste izen batzuk be ezagunak dira. Halan: eguerdi-liliak. Baita: bedatse-liliak: “Bazter guziyetan bedats-liliyak (flores de primavera) dagerzkigu, belarsoruetan bitxilorak (margaritas) ereiten dira” (J.M. Tolosa EEs 1913, 113). Izar-lore izena be emoten jaku lapurtera-nafarrera eremuan: “Dir-dir eremu legun ilhunetik agertu zitzaitan izar-lore ñimiñoa” (SoEg Herr 28-6-1956, 1). Margarita-lili izena be emon izan jako Iparraldean (Lhande).

Pazko-lili izenaz be ezaguna da Lapurdi aldean: “»Nor niz ni» debrusa! Gu bezala lurreko lapharretik izanagatik, horrek bethi phazko lili daukala bere burua, to!” (Larzabal Iru ziren).

Bitxilindra (bitxi-landara) be esan izan jako Arabako lautadan, Agurain eta inguruetan: “Bichilindra (Salvatierra), primavera silvestre, planta de la fam. de la primuláceas. Primula veris»” (Baraibar RIEV 1907, 362s.).

Bitxi edo pitxi bere hutsean be erabili izan da udabarriko loratxoak izendatzeko. “Narru gorrian or zugatz guztia; / errekea orroez, zelai ta mendia / pitxitxo bat bere ez dakarrela” (Arrese-Beitia Olerkiak).

Adolfo Arejita