Dakienak dakiHizkuntza

Zer esan gura dau: ‘Egunezko lan egin’ eta ‘gauezko lan egin’?

Posted on

Txandakako edo halanbeharreko behar-moduetan, gau eta eguneko behar muetetan -ospitale, garraio eta horreetariko edozeinberetan‑ asko eta askori suertetan jako, besterik ezean gaueko txandan lan egitea, edo goizaldean lan egin beharra, edo zori hobeagoz, goizez, arratsaldez edo iluntzez, halan suertetan bada. Txandakako turnoan.

Zein txandatan behar egiten dan, ‘zein aldiz’ diharduan batek lanean, zelan esan daroagu euskeaz? Era bat baino gehiago dagoz, jakina. Hurreko herri-berbetan, modu bitara entzuten da batez be, hori esaten.

Gau izena hartuta, gauezko lan egin, gaueko txandan. Halan batu neutsan aspalditxo Bedian hurreko lankide bati, Firestone enpresan bertako batek gaueko erreleboan lan egiten ebala-ta: Osabea gauezko dabil beharren eta lo egiten itxi eiozue! (Igone Etxebarria).

Oraintsuan suertau jat, Omako (Kortezubi) edadeko gizon bati bere hur-hurreko bategaitik esaten entzutea, etxeko arteko horrek goizeko lan egiten ebala Santimamiñeko koben gidari modura. Bardin esan eikean, gaueko edo arratsaldeko. Hau da, goizez, goizetan lan egiten ebala bakarrik.

Batean, gauez, egunez tipoko adizlagun egiturearen gainean -ko adnominala dala. Bestean, -(e)z instrumentala -ko adnominalaz alkartzean ezabatzen dala, marka soila bakarrik agiri dala: gaueko, eguneko, goizeko, arratsaldeko. Adizlagun funtzinoa beteten dabe biek, gaztelaniaz ‘de noche, de día, de mañana, de tarde’ esan doazanen berbera.

Bietara da zilegi eta zuzen, -ko soilaz edo -(e)zko marka bikotxaz. Baina -(e)zko marka bikotx hori gau eta egun izenakaz agiri da orohar. Nekezago, goiz, arrats, arratsalde eta hareetarikoakaz.

Ezin epai zorrotzegirik emon, bada, bataren edo bestearen gramatikaltasunaz; ezin marra gorririk ezarri, bietariko bat desarau bihurtzeraino behinik behin.

Goiko ereduotan adberbio edo adizlagun funtzinoz agiri dira gauezko edo goizeko lango formak. Baina izenlagun, edo adnominal funtzinoko izan ohi dira gehientsuenetan, edo ia beti, -ko eta -(e)zko markak.

Ondo gogoan daukat, aspaldi, Frantzia eta Espainiaren arteko muga-legeak indarrean zorrotz egozan aldian, ‘kontrabandoa’ lanbide edo erdi-lanbide zala mugakide askorentzat, eta sasoi haretan Sarako auzapez zanaren ahotik entzunda nago ‑73-80 urte bitartean irrati-kazetari nenbilen aldi haretan‑, Ipar-Hego aldeen artean, bateko eta besteko euskaldunen artean egiten zan jenero-tratu horri gauezko lana eritxoela eurek; eta beren-beregi sendotu eban auzapez horrek gauezko lana izendapena: gauEZko lana, gauEZ egiten dan lana. Izenlagun modura erabilirik kasu honetan gauezko, izen sintagmari atxikitako adnominal gisa.

Gauezko formaren testigantza apur batzuk dakarguzan hona, idatziz batu ditugunetarik:

Errefrau barruan. Atsotitz ezagun baten Nafarroako bertsinoa: “Gausko lana, egunsko alkia” (ahalkea) (‘Gauezko lana, egunezko lotsa’) (Zaraitzu. D. Inza). (NAZ 2380). Sartaldean be kide-kideko ordaina dauena: Gabeko beharra egunez agiri.

Beste era bateko idatzietan gauezko adnominalaren testigantzak: “Baina batez ere gabezko dantza nahasi, balseoa deitzen diozuten hori, hor dabiltza zuen ahotan” (JBDeia 1920). “Gabezko sereno kantari batzukaz” (Kirikiño Abarrak I). “Bilbaoko osakinlariak bere gogoz betetzen zituzten gauezko eginkizunak” (EAEg 1937-06-07). “Orduan pentsatu zuala gauezko sorgina zein izango zan” (B.Barandiaran Lanik gabe).

Egunezko harean sarriago agiri da adnominal modura. Errefrau ezagun batetik J. Intxaustik harturiko esaldia: “Gero gaueko lanak / egunezko lotsa” (Beti bertsoa). “Goixtiar izan zinen, goixtiar, egünezko izar ederra!” (Chaho Hiztegia).

Adolfo Arejita