Dakienak dakiHizkuntza

Zezeila, otsaila…

Posted on

Urtearen bigarren hilea izentatzeko gaur zabalen dabilen, eta antxina be zabalen ebilen berbea, otsaila da, oinarrian otsoen hila edo hilea. Bizkaiko euskera zaharrean be ezaguna zan, baina gerora aldendu da erabileratik, bizkaieraren ekialdeko herri batzuetan izan ezik: Aramaio, Oñati, e.a.

Eguraldiaren oihartzuna agiri da atsotitz zaharretatik. “Otsailean, aldiz eguzkitan, aldiz sutanzean”, gogorazoten deusku XVI. mendeko errefrau zahar batek (RS 323). Eta orduxeko beste batek be, bilduma berekoak: “Otsailgo euria. Eraiten dituz onzoeriak // Pluvias de hebrero, / Mata a los logreros”. (RS 89). Eta beranduagoko, XVIII. mendeko beste errefrau batek be dirausku: “Otsailak buztanaz, Martxoak bularraz” (Arakistain. Itziarko semea). Esan nahi da, eguraldi txarrari atzea emoten jakola otsailean, eta aurrea martian. Larramendi ospetsuak be XVIII. mendearen lehen herenean, atsotitz hau dakar: “Ta maiatzaren lotsaz / otsaillaren signo hobe” (Gramatika 393).

Gipuzkoa aldean urtearen lehenengo hile bien izenak sasoi horretako eguraldi gordina ondo islatzen dabe: urtarrilari ilbeltza eta zezeilari otsaila izena emoteak berak erakusten dau hile bi horreen eguraldi gordintasuna. “Ilbeltzak eta Otsailak naikua adierazten dute urte sasoi ontako denbor” idatzi eban aspaldi Krispin Beobide gipuzkoarrak Asisko Lorea liburuan (Bv AsL 185).

Eta bizkaieraz gaur gehien darabilgun berbea be, zezeila, gaur baino askoz zabalago ebilen lehen. Zezeila, jatorriz zezen hila da. Behiak susaratu eta zezentzen, zekortzen edo idiskotzen diran hilea.

Errefrauen mezua antzekoa da zezeil berbeagaz be. Iparraldeko errefrau zahar baten hitzak dira: «Urriak buztanaz, zezeilak bulharraz» (Oihenart Proverbes). Bizkaiko beste baten hitzek be eguraldi gordina dakarskue gogora: «Zez[e]ilgo erurra, / ez zan eldu Ermura» (BBizk 31). Beste errefrau batek olo bedarraren kalidadea gogorazoten deusku: «Zezeilleko oloa, olo; martxokoa, oloto; aprillekoa, ez olo ez lasto» (DRA) (gazt. «avena»). Eguraldi gordinaren akordua dakar hurrengo honek be: “Zezillak txakur-arpegia ta zikin etxea”. Zezeilgo euriaren mesedea, hurrengo honek: “Zezilla euritsu, bedartzak ederto gizendu” (Karmengo Egutegia 1952, 29 (ap. DRA).

Zezeilari katuil izena be emoten jako herri batzuetan, eta katu ar-emeak orduan berotzen dirala gogoratzen deuskue behin eta barriro. “Zezeila, katuen illa” batu izan da Berrizen, eta “Otsailla, kato illa” Zestoan.