Lekeitioko berbetan behin baino sarriago zorion-agurretan entzun dogun esaldia: “Gaur dira urteak ezkondu zirana”. Ezkondu zirana ala ezkondu zirala?
Bietara dago artez eta zuzen esanda. Modu bi, aukera bi, menderakuntza-esaldiak josteko denpora eremukoak diranean. Gaztelaniaz be ‘que’ menderagailu soilaz markatzen da gehiago, ‘desde que’ konplexuaz baino. Baina berez, denpora-perpaus horreetan noiztik, noizdanik esangurea datza oinean, gazt. ‘desde que’.
Aditz prozesuen denpora orekari jagokonez, beronen esangurea, -netik markaren hurrekoa izan ohi da, baina noiztiko denpora-muga horretan zertzelada-diferentziak badira.
Baina goiko marka bien artean dagoken diferentzia zein da? Esangura aldetik ete da alderik, -la edo -na erabiltearen artean ingurune horretan berean? Gure eretxian, esangura beraren adierazle dira zirala eta zirana menderagailu denporazkoak. Lekutik lekura berbakunean dagoan aldea dala esango neuke, eta ez besterik.
Lekeitioko berbetan: Gaur diraz urtiak ezkondu ziriana. Lekeitiorako dogun egitura hori gure kosta-herrietan zabal dabilela dirudi. Ziur dakigu, Lekeitio eta kostako herrietan, dirana, zirana eta horrelan esaten dabela, -na mendeko atzizkiaz. Bermeon be antzera: “Urte asko dira, alkarregaz ez garana egon” edo egon ez garana (Urte asko diez, alkarregaz ez garana egon) (Abeliñe Erauskin. 2025-III).
Otxolua idazle mundakarraren lumaz idatzirik be irakurri dogu: “nahiz-ta ehundaz urteak izan hemen batuten gareana” (Otxolua AbereDontsuak).
Baina berbetarik gehienetan, hori bera esateko, ezkondu zirala darabilelako eretxia daukat. Barrualdeko ibar eta herrietan, dala, zala, dirala, zirala tipoko adizkien bidez adierazoten dala dirudi, kostaldean -na atzizkiaz markatzen dan denporazko menderakuntza hori.
Barrualdeko euskaldunen artean, denpora-adiera horretarako danean, -la aditz-marka da nagusi. Hara berbazko adibide pare bat. Irratiz entzuna: “Gaur dira berrogeta hamar urte ezkondu zirala. Zorionak biei” (2016-XII). Berbaz neuk entzuna eta batua: “Urte asko da Alemaniatik Bilbora udaro etorten dala”.
Idatzizko tradizinoan be nagusi, jakina. Hara J. A. Mogelen eredu parea: “Urte asko da urik edan eztodala, saldan ezpada” (PAb 11), “Neure Jauna, egun asko da ikusi ez zaitudala, ez alkarregaz egon ez ibilli gariala” (Ip 30). Eta Mateo Zabalaren beste eredu bi, autorkuntza girokoak. Autorkuntza egitera doanari autorleak lehenengo-lehenengo egin ohi eutsan itauna: “zeinbat denpora da konfesadu zineala?” (Irun serm), “Zeinbat denpora da, egin zenduala?” (Iru serm).
Bada esapide bat, sarri darabilguna: Orain dala (Oin dala, Hon dala) + denpora balioko izen sintagma bat: Oin dala urte asko. Oin dala hainbat denbora. Oin dala astebete. Orain dala berrogeta bost urte. Oin dala bost hilabete. Oin dala hiru egun. Oin dala bost minutu. Lekeitioko bertako berbetan: “Lekeition antzarrak bizirik ipinten zirala zenbat urte izango dira ba? Hon dala hogei urte?” (2013-09-10).
Adolfo Arejita




