Dakienak dakiHizkuntza

Zu/zure burua jagon, zaindu

Posted on

Sarri entzun eta esaten ditugu formulak, nonor erdi gaisorik edo dagoanean batez be, arin osatu daiten animoak emoteko, edo hari gurari ona opesteko: “Zaindu zaitez!”, “Jagon zaitez”.

Hori da esateko modu bat: Jagon zaitez, nork bere burua jagon daian opatzeko solaskideari. Aditzaren erabilera bihurkaria deritxo honi, “erreflexiboa”. Aditzaren ekintza, subjektua eta hartzailea bat eta bera diranean jazoten da. Jagongo dauena eta jagongo dana persona bat bera danean. Horregaitik deritxo aditz horri kontestu horretan aditz bihurkaria, erreflexiboa.

Gero eta joera handiagoa dago, halakoetan izan aditza erabilteko laguntzaile gisa. Ni ondo jagoten naz, hori ez da txarto zainduko e.a.

Baina euskal hiztunen tradizinoko ibilian egitura propio bat be garatu da bihurkaritasun hori zehaztasun gehiagoz, baina aditz eta ingurune mugatuagoan, adierazoteko: objektutzat burua izena hartzea.

Neure hurreko berbetan, bai txikitan Morgan, eta gero askoz sarriago Barrutian, mila bider entzun dot esaten: “Jagoizu burua, jagoizu burua!”.

Gramatiketan orohar, burua izen horri izenordain posesiboa aurretik eranstea gomendatzen da: neure burua, zeure burua, bere burua edo inguruneak eskatzen dauena. Baina hiztunen erabilerari ohartu ezkero, posesibo hori ez da beti, ez antzik, azaleratzen. Izan be, askotan ez dago posesibo horren beharrik, esangurea eta kontestua argi gera dadin.

Gaztelaniazko aditzetan bihurkaritasun hori se izenordainaz gauzatzen da aditz asko eta askotan, eta hiztegietan euretan seinaletan da bakantasun hori: peinarse, lavarse, vestirse, volverse loco. Baina horrelako aditzok eurok euskeraz ez daukie portakizun bera bihurkaritasuna adierazoteko. Jantzi zaitez, orraztu zaitez, garbitu zaitez, zoratu da esaten dogu, baina burua ez dogu txertatzen esaldi horretan, esangurea ilunago zedadin.

Izan be, askoz gitxiago dira euskeraz burua sartzea onartzen daben aditzak, gaztelaniaz -se hartzen dabenak baino. Ohikoen batzuk dira:

Ikusi: Bere burua estu eta larri ikusi ebanean, alde egin eban.

Hil: Bere burua hil eban.

Agertu: Bere burua agertu dau, ahotik berba hori atera dauenean.

Bota: Koforme ez badago daukan bizimoduaz, burua errekara botatea dauka.

Erakutsi: Ez daki bere lekuan trankil egoten; beti burua erakutsi behar.

Nekatu, kantsau: Zer egingo dozun erabagi aurretik, burua kantsau eizu apur bat!

Esan: Inori kontsejuak emon baino lehen, zeure buruari esaiozu lehenengo.

Eskatu: Ez eskatu besteei, zeure buruari eskatzen ez deutsazun gauzarik.

Begiratu: Begiratu eiozu zeure buruari, zelan alperrik galduta zagozan aspaldion.

Tradizino idatziari bagagokoz, klasikoetan behintzat, urri baino urriagoa da burua sasi-izenordainaren presentzia. Hainbat sarriago agiri da izan aditza laguntzaile lez bihurkatasun kontestuetan. Hara batzuk:

-Bigarren personan: “Eskabide au eginik, begiratu zadiz zelakua zaukeezan pekatu orreek” (P. Astarloa UD I).

-Lehen personan ez da horren sarri agiri, baina guztiz zilegizkoa da eta tradizinoak halan on egiten deusku. Halan: “pensadu egizube aurkituten dan munduban andrarik, ni ikusten nazan bakartasun eta estutasunian ikusi danik.” (Tristan Hundurraga, 1822, Euskera 1960, 344)

Eta berbaz be bai: “Estu eta larri ikusi naz (= dot neure burua) neure atzetik segika datozala konturatu nazanean”.

Gaztelaniaz bihurkari edo erreflexibo zentzuna daben aditz batzuk, edo hainbat, euskeraz beste era batera konpontzen dira hori bera esateko. Ebagi aditza. Gaztelaniaz: «Me he cortado el dedo». Euskeraz, atzamarra ebagi dot, edo atzamarrean ebagia egin dot esango genduke lasai asko. Eta ez ebagi naz, eta hainbat gitxiago burua ebagi dot esango genduke.

Eta lehengora etorrita: Jagoizu burua, benetan be egitura polita eta dotorea da.

Adolfo Arejita