Dakienak dakiHizkuntza

Aditza AHALegaz jokatu ezkero, ze laguntzaile hartzen dau?

Posted on

Galdera horretan dagoana da joan ahal horri laguntzen ia zein laguntzaile behar dogun: naz ala dot. Idatzirako arau bakarra dogu: joan ahal banaz, egon ahal danean, ea ibili ahal dan. Baina berbaz dot, dau tipoko laguntzaileak erabilten dira leku askotan; indikatiboan behintzat: Joan ahal badozu, zoaz. Etorri ahal dozunean, deitu. Ea jesarrita egon ahal dozun!

Zein bultzatu?  Ba joan, ibili, egon tipoko aditzakaz da, zan, balitz adizkiak, eta emon, eroan, euki tipoko aditzakaz, dau, eban, baleu laguntzaileak.

Baina hor beste kontu bat dago, gaurko jente gazteak (eta ez hain gazteak) zuzen ez darabilena. Esaldi nagusi baten edo –la konpletibodun baten ahal hori nekez erabilten dabe hiztunek. Gaur sarri entzun edo irakurten dira honangoak: Eroan ahal dogu kuadernoa etxera? Etorri ahal zara apur baten? Bakarrik konpondu ahal naz lan hau egiteko.

Horreetan hiruretan toketan dana da: Eroan neike…? Etorri zeintekez…? Bakarrik konpondu naiteke…

Konpletiboetan be ez da toketan honetara esatea: Holan izan ahal dala pentsetan dot, ezpada Holan izan leitekela pentsetan dot.

Ahal hori aditz barruan mende-perpausetan bakarrik erabilten dogu, baina –la konpletiboetan izan ezik. Halan: Joan ahal bazara, zoaz mesedez! Egizu ahal dozuna egin ahal dozunean, ezinak ez dauka erremediorik eta. Oinez nabil, ibili ahal nazelako; beste asko ez dira kapaz.

Ez dakit, egia esan, ahal hori gehiegi erabiltearen izurri horrek sendabiderik daukan.

Zuzentzeko erabilera:

Esaldi nagusi baten ez da AHAL erabilten:

Eroan ahal dogu kuadernoa etxera? Eroan geinke…?

Etorri ahal zara apur baten? Etorri zeintekez…?

Bakarrik konpondu ahal naz lan hau egiteko. Bakarrik konpondu naiteke…

Esaldi konpletiboetan be ez da AHAL erabiltzen:

Holan izan ahal dala pentsetan dot. Holan izan leitekela pentsetan dot.

Adolfo Arejita