Oihenart zuberotarrak bere Atsotitzak / Proverbes bilduma ederrean baturik dakarren harri bitxietarikoa dogu errefrau hori (Prov 25).
Harribitxia dinogu, zerren hiru aditz diferente kordatuz edertotxo deskribatzen dau amodioaren, amore-minen edo neska-mutil edo andra-gizonen arteko alkarregazko guraizanaren izaerea. Gaztetango kontutzat darakus errefrauak amore-minetan murgiltzea: amoratu eta loratu aditzak lotura dirala. Eta guztiz kontrakotzat joten dau zahartzaroko amoratzea: desamoretzat joten dau, zoratu aditza bitarteko dala. Gaztelaniaz esan ohi dan lez: “a la vejez viruela”.
Topiko ezaguna dogu errefrauak dirauskuna, beste genero gehiagotan be era batera edo bestera azaleratzen dana.
Amoretu / amoratu aditza baino hainbat sarriago agiri da gure tradizinoan amore mailegu-izena: amorea. Azkuek bere errefrau-bilduman birritan behintzat badarabil mezu beronentzat amore berbea. Behin, puntua edertotxo josiaz: “Amore? Hartuak emona sabore”. Eta beste behin: “Amore? Hartuak emona dau sabore” (EY 1906). Mezu honentzat, beste errefrau baten, maitatze izena darabil: “Maitatzeak maitatzea du hartze” (EY 2646).
Zein mezuren adierazle modura agiri dira amorea, amodioa, maitatzea edo amore-mina izenez josiriko esaerak? Gitxi batzuk hautu ditugu, berez moltso eskergea egiten dauen horretatik:
– Maitatzeak, amoratzeak, ez dauela ez baten erreguz, ez bestek behartuta izan behar: “Maithazalerik, ez othoiturik, ez bortxaturik” (EY 2647).
– Amodioa itsua dalako topiko ezaguna aitatzen da batzuetan: “Amodioak begiak itsu” (Atsot 762) dino esaereak, gazt. ‘el amor es ciego’ ezagunaren ordaina. Eta ertz berekoak dira, pertsona biren arteko amodioari kontra egitea alperreko izaten dala dinoen batzuk. Baten esana: “Ez zoriari, ez amodioari, ezin egin kontrarik” (Atsot 14165).
– Zenbat eta luzaroago dirauen biren arteko amodiozko hartu-emonak, hainbat sustrai sakonagoak hartzen dituala, eta gatxago izaten dala eurok zuztarretik ateraten: “Amodioa zaharrago, erroak barnago” (Atsot 761).
– Amodioaren ertz biak, gozoa eta samina, batera jazoten diralako gogoeta darabilen errefrauak eta esakuneak ugariak dira. Larrosea irudi harturik eihotakoak dira ezagunak batez be. Baten esanean: “Amodioa arrosaren pare, usaina eta arantzea” (Atsot 760). Herri-kantu eta kopletan be sarri erabili izan da aurrez aurreko kontrakotasun hau, batez be berbaz: amorez eta dolorez batzuetan. Bilintxek bere bertsoetan dinoanaren haritik: “Ezkongaietan amorez, bizi izateko dolorez” (EY 1366). Ildo berari darraikozan izenlagun adnominal biren joskuntza: amorezko eta dolorezko. Halan: “Ezkontze amorezko, bizitze dolorezko” (EY 1369).
– Amodioak pertsoneari penak kentzen deutsazalakoa be eretxi ezaguna da errefrauetan: “Urtarazten du iguzkiak elurra, amodioak bihotzaren makurra” (Atsot 13164).
– Larrosearen usainaren irudiaz, amodioa ezagutu edo sentidu ez dauen neskatxaren izaerea konparatzen da batzuetan usain bako larroseaz: “Amodio gabeko neskatxa, usain gabeko larrosa” (Atsot 757).
– Amore zaharra eta barria aurkez aurke darabilen esaerak be ezagunak dira. Amore zaharraren sustrai sakonak baliagarriagotzat joten ditu hurrengo honek: “Aurtengo amore berriagatik eztut utziren zaharra” (EY 1662).
– Amodioren inguruko agindu zuriak, promesa faltsoak be mintzagai dira esaera batzuetan: “Amorosaren zinak iduri du ostalerarena: berme txarra du” (EEZZ 134).
– Amorantearen gogo-bihotzak non finkaturik ete diran be gatx izaten ei da jakiten. Halan dino batek irudi literario eder batez: “Amorantearen arima gorputz arrotzean bizi da” (EEZZ 133). Norberegan barik, inorengan gogo-bihotzak dituanagaitik.
– Amodio zindoa barru-barruan, ezkutuan gordeten dalakoa, kanpotik hotz-antzak erakutsi arren. Baten esanean: “Esku hotzak, amodio beroa” (EEZZ 1001).
Amoratu aditza, bizk. amoradu aldaereaz, gazt. ‘enamorarse’ esangurakoarentzat aditz zaharra dogu euskeraz, gaurko berbaeran lausotu samar badogu be. Maitemindu darabilgu gaurko egunean sarriago eta era orokorragoan.
Aditz kategoriaz, amoratu/amoretu berbea ez da asko ezaguna, baina tradizino idatzian testigantza sendoak ditu, horraitino. Lazarraga XVI. mendeko poetarenean: “Ez bisteaz konsolatu, / ez egonaz amoratu, / ez maian asentatu, / ez oean albergatu” (Lazarraga B27, 1204r).
Amore-minak izen alkartu plurala agiri da gure balada-erromantze zaharretan, gazt. ‘mal de amores’ esaten danaren taiu beraz eihoa. ‘Testamentuarena’ deritxon herri-balada baten kopletan esaten da: “–Mediku jauna, guzurre diño, / nik eztot amore miñik. / Amore miñek badoraz bere, / ez entraiñetan sarturik”.
Amoradu berbea izen edo adjektibo modura izan da erabiliago tradizino zaharrean be, gazt. ‘enamorado’ danaren ordain lez. Idatzi klasiko eta zaharretan ezagun da. Lazarraga poetaren lumaz: “Mundu guztian ni baiño ezta / oi amoradu firmerik” ( Lazarraga A14, 1183r). “Arzai amoraduak” (ibid. A, 1153r).
Eibarko amodio-kantu zahar ezagunaren bertso-kopla batek, errefrau moduko esaldi hau dakar: “Amodioa zoro da beti amoraduen artean” (EiBer 532).
Amaitzeko, bedar mota bat be badala gogora ekarri, amoradu-bedarra deritxona. Errefrau usaineko kopla moduko batek dinoanez: “Graziak ondoan zilarra, puntan amoradu bedarra” (Egutegi.Arantzazu 1963-01-14).
Adolfo Arejita
