Dakienak dakiEtnografia

Andra Mariak Karrantzan

Posted on

Andra Mari eguna sasoi ezbardinetan ospatzen da. Oin da irailekoa (irailak 8) eta Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan da jaiegun. Atal honetara hain famaua dan Karrantza Haranekoaren historia eta horregaz zerikusia daben jaiegunak ekarriko doguz.

Soscaoko parrokia edo kontzejuan (Karrantza Harana) Mirarietako Ama Birjinaren eguna be irailaren zortzian da. Denpora luzez Haraneko jagoletzat hartu izan dabe. Ama Birjinaren irudia egoan eleiza zaharraren ondoan Haraneko jatorrizko kontzejuak batu ohi ziran. Gero eleizea bota eta alboan barria egin eben. Bertan dago gaur egun irudi hori. 1926an, hainbat eztabaida eta matrakaren ostean, Buen Sucesoko Ama Birjina Sucesoko Ama Birjina, izentau eben Haraneko jagole.

Tradizinoaren arabera, 1670eko irailaren 18an ardiak jagoten egoan neskatila bati Ama Birjina agertu ei jakon eta Ama Birjinak eleizea eregiteko eskatu eutsan. Handik hur santutegi bat egin zan eta mende batzuk garrenera (1953an), Joaquin Lucarini eskultoreak egindako monumentua ipini zan.

Gaur egun Harana osatzen daben hamasei kontzeju edo parrokietako bakotxak bere jagolearen jaiak ospatzen ditu. Auzokoek eurek ordaintzen dabe: batzartu eta etxe bakotxak zenbat ordaindu behar dauen, nortzuk batuko daben dirua eta zelako ekintza antolatuko dan erabagiten dabe.
Nekazarien mobimentu kooperatibistari esker Haranean beste jai bat ospatzen da: San Isidro. Hori Haraneko abeltzainen jaia be bada.

Horreezaz ganera, Sucesoko jaia dago: irailaren 18an egiten da. Gaur egun Haraneko zaindariaren jai nagusia da, garrantzirik handiena daukana eta luzeena dana. Udalak antolatu eta ordaintzen dau.

Ohiturea da landetara joan, eta familiartean bazkaltzea. Landetan erromeria egon ohi da eta arratsaldean zezen lasterketa. Lehenago montxino errazako txahalakaz (Haraneko basoetan hazten zan erraza erdi basatia) egiten bazan be, oin kanpoko parajeetatik dakarrezan animalia eta toreatzaileakaz egiten da.

Irudia: Alfonso Ahedo Arriola. Así es el valle de Carranza
Ediciones Eguia, Bilbao, 1996.