Dakienak dakiHizkuntza

Beti ‘emoten dau’ esan barik, beste esamodu jator batzuk be erabili: ‘esan lei, dirudi, begitantzen jaku, pentsau lei’…

Posted on

Gero eta gehiago entzuten dan esate-modu bat, erderazko “parece que” horren parekotzat, Emoten dau da. “EMOTEN DAU ligea hasi baino ez dala egin” edo horren antzekoak. Ze eretxi emon leiteke holakoen gainean?

Modan parau da emoten dau hori eta ia danerako erabilten hasi gara, erderaz “parece que” ez dakit zer adierazo gura dogun bakotxean. Horretan be gehiegira joten dogulakoan nago.

Danok esaten dogu kontestu batzuetan: “Polito emongo deutsu ahora jatortzun guztia esateak”. Ondo emoten dau. Txarto emoten dau. Ez dau ondo emoten. Motz emoten dau. Holakoetan erabilera egokiak dira. Adjektiboakaz be bai: Horrek txikia emoten dau. Handia ez dau emoten. Zalalagoa emoten dau. Hobea emoten dau. Horreek be berbakera naturalak dira.

Baina –la atzizkidun esaldi batek segiduten deutsanean, ez dot esango txarto dagoanik, baina beste aukera batzuk dagozala hobeak bai.

Zuentzat ez al dira ezagunak beste esate-moduok? Esan lei ze Aduriz golik sartu ezinik dabilela gaur. Beharginak hasarre dagozala dirudi. Goizean baino eguerdirantz epelago egongo dala pentsa lei.

Hau da: dirudi, begitantzen jaku, esan lei, pentsau lei eta beste horretariko esakera batzuk guztiz geureak ditugu euskaldunok. Dinodana da: beti-beti esan beharrean: emoten dau euria dakarrela, zegaitik ez beste aukerei be lekua emon?

Adolfo Arejita