Era bi dagoz gaztelaniazko gerundioari ordaina, ‘trabajando’ dalakoari, euskeraz emoteko. Sartaldean sarrien entzuten dana: lan eginda, behar eginda. Edo erdialdetik ekialderantz gehien esaten dana, baina sartaldean be normala dana: lan eginez / behar eginaz. Aditz-ekintza baten prozesua adierazoten da horrelan zelan itaun-modalaren bidez. Kasu honetan ez da egoerazko ikuspegia emoten, ez da ekintzaren ikuspegi estatikoa aditzen emoten, ezpada jarduera dinamiko batena. Zelan lortzen da (dana dalakoa) itaun eginda baino zehaztasun gehiagoz esanda dago zer eginaz, zertan jardunaz itaunaren bidez.
Eta aditz partizipioaz adierazo nahi dana gaztelaniazko gerundioaren ikuspegi dinamikoa bada, aurreko era biak dira zuzenak: behar edo lan eginda, edo behar edo lan eginaz.
Euskera hutsetik ikasi dabenen joerea da *lan egiten lortzen dala esatea. Euskera-ikaste prozesuan gaztelaniazko gerundio-prozesua euskeraz aditz-izenari -TEN/-TZEN atzizkia gehituaz egiten dala ikasi izan dabe euskera eskoletan. Baina untzea non dago? Batzuetan hori holan dala, baina beste batzuetan ez.
‘Jaten nago’ badinozu, erderazko ‘estoy comiendo’ aditz-multzoari ordaina emoten zagoz. Edo: ‘idazten nabil’ badinozu, gazt. ‘estoy escribiendo’ dalakoari. Edo: ‘berbetan nago, hitz egiten nago’ badinozu, gazt. ‘estoy hablando’. Aditz-ekintzaren iraupena, zertan ari nazan, zertan dihardudan edo zeri daragoiodan adierazo gura badogu, orduan bai, orduan -ten/-tzen atzizkia eransten jako aditzoinari.
Baina azpiko itauna bestelakoa danean: zelan, zer eginaz helduko garan helburu edo helmuga batera, orduan beste aukera biotariko bat erabili behar dogu: KantaTUAZ kentzen dira penak. Lan eginAZ edo behar eginDA irabazten da bizimodua. Asko ikusiTA ikasten da edo asko irakurriAZ heltzen da bat gauzak jakitera.
Adolfo Arejita
