Dakienak dakiHizkuntza

NAHI DOGU EGIN ala NAHI DOGU EGITEA?

Posted on

Sarritan sartzen jaku zalantza, nahi izan/gura izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, hoba izan eta taiu horretako aditz lokuzino jakin batzuen azpian menpeko osagarri bat daukagunean, eta menpe-esaldi horretako aditza jokatu barik darabilgunean, aditz jokatubako hori, partizipio mugagabean itxi ala -tea aditzizenaz markatu behar dogunentz.

Berbarako: Hoba dogu geldi egon ala Hoba dogu geldi egotea, zein erabili edota noiz zein erabili. Araua zehatz emoten ez da beti erraz, baina argibide bat emoten ahaleginduko gara.

Subjektoa bat eta bera danean aditz nagusian eta osogarrian, garbiena mendeko aditza partizipio soilaz markatzea da. Halan:

Hoba dozu isilik egon, barriketa hutsean denporea alperrik galdu baino.

Aditz nagusi eta mendekoaren arteko ordeneagaz estu lotuta dago zalantza eta ezbaia. Arazoa, edo zalantza, aditz nagusia aurretik eta mendekoa atzetik doanean sortzen da ia beti.

Mendeko aditz osogarria aurretik eta nagusia atzetik danean, zalantza gitxiago izaten dogula dirudi. Aditz biak subjekto berak gobernatzen dituanean behintzat. Holan danean, partizipio mugagabea berez legez darabilgu gehienetan.

Joan ez hoba!

Batera eta bestera ibili gurago leuke.

Jatorduetatik kanpora jan, sekula ez zenduke egin behar.

Subjekto bera dogunean aditz nagusian eta osagarrian, garbiena, zuzenena eta laburrena be, aditz partizipioa soilik ixtea da, mugatu barik. Aditz diferenteakaz adibide bana:

Goizean lehenengo-lehenengo egin behar dozu, ohetik jagi eta armozau.

Gurago dot, horreekaz urten baino, etxean gelditu.

Hoba da gauzak sasoiz egin, azkenengo momenturaino itxaroten egon baino.

Ahal baneu euren alde zeozer egin, ardura barik egingo neuke.

Ezin dogu egoera latz honen aurrean isilik egon; jarki beharra dago.

Subjekto diferenteak dituenean aditz nagusiak eta menpekoak, orduan ez da dudarik: -tea aditzizena erabili behar da nahi eta nahi ez:

Nahi dabe ardurea guk hartzea.

Behar dot zeuek be apur bat laguntzea.

Hoba da, etxetik urten aurretik, ezer ahaztuten jakun kontu hartzea.

Aditzik gehienak, ostera, bestetara jokatzen dabe. Beste Aditz nagusiaren subjekto bera dagokionean mendeko osagarriari, mendekoaren aditza -tea aditzizen absolutoaz markatzen da. Halan:

Komeni jatzu isilik egotea edo atzekoz aurrera: Isilik egotea komeni jatzu.

Ondo dator kopautxu bat egitea, baraurik ardaoa edatea baino.

Txarto dago edo Ez dago ondo, jenteari guzurrak esaten ibiltea.

Ez deutso ondo eretxi itxaroten egotea.

Hor zehar entzun eta, batez be, irakurten diran egitura batzuk baztertzea komeni da, edozelan be. Okertzat joko genduke, berbarako: *Egia da danontzako nahi dogula programazio bat egitea, eta zuzentzat beste hau gomendatu: danontzako nahi dogula programazio bat egin.

Zuzentzat joko genduke: Nahiago dot batzordekide izateari itxi eta ez arrazoi barik arduran segidu. Nahiz eta sarriago agiri dan beste honetara idatzirik: izateari ixtea eta arduran segitzea. Zuzen-oker bereizte-lerroa honelako kasu batzuetan lausoa izan daiteke, baina bardinean egitura laburraren alde egin hoba: mendeko aditz osogarria partizipioa mugatubakoaz markatzea.

Iturriko

2014-01-13