Mehatz berbea ekarri deusku aurrera gure laguntzaile fin batek, gitxi edo nekez erabilten dalakotzat edo. Fauxtin Urrutibeaskoa irakaslea dogu euskerahobezale hori, Amorotoko semea bera. Honako itauna bota deusku braust!, aurrera, Labayru-lagun taldekoei: “Inork erabilten dozue mieztu, mietz, zeozer banatu, sakabanatu adierazoteko? Esate baterako, haziak mieztu, nire buruan ulea mietz daukat (ule gitxi)”.
Fauxtinen itaunari erantzutera hainbat argibide jaso doguz idatziz.
Jatabetik Maribi Egia teknikariak: Ule mehaztu, norbera edo beste nonor, ulea trinko eukitetik bakan eukitera etorri danean. Pinudi bateko pinu-landaren gorabeheran dino: Pinu-landarak mehaztu, albokoak proba egin daien. Sopelan be antzera: ule mehaztu. (Agurtzane Iturregi).
Lezamatik Pedro Mª Goikoetxeak soloko beharren ingurunean kokatu deusku mehaztu berbea. Dino: “Baserri munduan asko erabilten dan berbea da. Artoak mehaztu, edo kalabazak. Zulo bakotxean 5-6 erne badira, bat edo bi itxi”.
Barri-emoile beronek denpora-adberbio modura be erakutsi deusku mehatz berbea: “Antzerako esangureagaz, beste era batera be erabilten dogu: Urlia lehen sarri agertzen zan herritik, baina aspaldian mehatzago etorten da”.
Markinaldeko berbetatik, Jabier Kalzakortak ingurune geografikora eroan deusku mehatz berbearen autua. Dino: “Bai, euskaldunen artean erabilera zabala izan dau. Esatera, zahartu ezkero ulie mehaztu egiten da. Soloan be, artoa zarratu landatu bada, indar gehiago hartzeko mehaztu beharra izaten da”. Eta pasadizu bat gehitu deusku Markinako gure maisuak, bere aita zanari entzun eta gomutan josia: “Aitari entzun neutsan behin: Zierrotza (Ziortza) auzoera mihetza da. Nik ulertu neban, baserri gitxikoa zala; edo baserri batetik bestera distantzia handia egoala”.
Bedarraren gorabeherea be ekarri deusku gogora Iñigo Muñoz lagunak Bakio ingurutik: “Bedarra be zarratua edo mehatza izan lei”.
Ereite-beharragaz loturik, Busturiko baserritar bati aspalditxo baturiko azalpena: “Landaren artean huts-unada asko dagoanean, mehatz erne dirala esaten da. Eta Otxandion baturik beste esaldi bat, gariaren ereiteaz: “Gariak elkorrak daukaz, edo mehatz-unak daukaz” (Otxandio).
Erandiotik, Pedro Aurrekoetxea jaunak, etxean ikasirik, adiera figuratuaz pertsonen izaerearen gorabeheran esakune zorrotz hau garandu deusku: “Gure aitite zanak esaten eban: Benetako gizonak, arbol mehatzak. Hori esaten euskun, inogaz fiatu ez gaitezan”.
Kanpoan jente gitxi ikusten danean be esaten da: Jentea mehatz dabil kalean.
Uribe barreneko ibarretan, Arratian eta Nerbioi ibarrean entzuten da mehatz adberbioa, denpora eremuan, sarri adberbioaren kontrako balioaz: ‘gitxitan’, ‘sarri barik’ zer edo ha egitea. Usansolotik Nagore Etxebarriak honelan idatzi dau: “Mehatz ibili (nonora). “Mehatz zabilz amarenera. Sarriagotan joan behar zeunke”.
Izen eratorri ezagunak be baditugu mehatz adjektiboaren gainean eregiak. Bat: mehazketa: ‘murrizketa’ be deritxona: Pinuen mehazketa egin behar da. Bestea: mehaztasuna. P. Zamarriparen esaldi bat: “Beste zertxu bat be eukiten dau gauzeak firi-firi jausten dan bakotxean: mehetasuna edo mehaztasuna” (Firi-firi).
Baina aditza bera da ezagunagoa: mehaztu. Gorago aipaturiko gaien inguruan hiru esaldi: a) Arto landarak zarratu erne badira, mehaztu egin behar dira; ostean ez jake bururik egiten. b) Ulea mehaztu egin jatzu aspaldion. c) Iluntzera jentea mehaztu egin da kalean.
Adolfo Arejita
