Dakienak dakiEtnografia

Heriotza-ohikuneak VI: Gorpua garbitu eta janztea

Posted on

Hildakoa jantzi baino lehen garbitu egin behar da, eta horrek beste ritual bat eukan aurretik: horretarako erabiliko dan uretan Erramu egunean bedeinkatutako ereinotzaren hostoak irakingo dira aurretik, edo Doniane eguneko bedarrak, udako solstizioan batzen zirenak. Gehienetan arpegia, eskuak eta oinak baino garbitzen ez baziran be, beste batzuetan gorpu osoa egiten zan.

Hileta-zerbitzuak gaurko eran antolatu baino lehen, auzoko andrak arduratzen ziran, lehenateak gehienetan, edo auzoan horretan lan egiten ebenak, hil-bestitzailea edo emagina, esaterako. Herri batzuetan hildakoa gizonezkoa zanean, gizonezkoak janzten eben, eta andrazkoa zanean andrak.

Gorpua zerraldoan sartu aurretik, ohean etxunda egoten zan, eta ez handitzeko, lurrezko plater baten gatza ipinten zan sabelaren gainean.
Antzina gorpua janzteko gorputz-izara edo hilmisia erabilten zan. Neska gazteek arreorako prestatzen eben gauzakaz batera egiten zan hori. Gero, gerraurrean, nahiko normala zan abitu eta erlijio-adierazgarriakaz janztea, Jainkoaren errukia errazago lortzeko edo. Bizkaian gehien erabili izan dana, frantziskotarren abitua izan da, batez be gizonezko ezkonduentzako, emakumezkoak Karmenen abituarekin. Mutil ezkonbakoak, San Luis Gonzagaren jantziakaz, eta neska ezkonbakoak, Hijas de Mara, Purisima edo Inmakuladaz jantzita. Geroago hasi zan hildakoa jantzirik onenakaz janzten, gehienetan kolore ilunez, «etxetik urtetakoak», «bidaiaren bat egiteko moduan», askotan ezkontzako trajea, edo domeketako arropa izaten zan.

Zerraldoaren barruan, kurutzea, errosarioa, eta ilen buldak sartzen ziran. Bulden bidez hildakoaren arimaren aldeko parkamen osoa lortzen zan. Buldak etxekoak ekarten ebezan eleizatik, eta zerraldoaren ondoan jartzen ziran mahaitxo baten, etxera etorren jenteak, diruaren truke hartzen ebazan eta zerraldoan sartu.

Kasu batzuetan beste gauza batzuk be sartzen ziran: ikurria, makilak, musika tresnaren bat, txapela…

Gaubela, begiria

Aintzinako legean hildakoak ez eban bakarrik egon behar. Horregaitik, gau eta egun zaintzen eben etxeko eta auzokoek gaubelan. Hildakoaren etxeko ateak zabalik egongo dira, eta hildakoari otoitz egiten datozenak isilik; horretara hildakoa datzan gela otoitz leku bihurtuko da. Han aldare txiki bat atonduko da, kurutze eta guzti, eta kandelak izetuta inguruan, larunbat santuz bedeinkatutako ura eta ereinotz-orriak dituela. Iluntzean senideak eta auzokoak bertan alkartuko dira errosario luzea errezatzeko. Hori amaitzen danean hasiko da begiria.

Gauean, txandaka zainduko dabe hildakoa auzokoek, ondoan biztuta dagoan kandelea amatau ez daiten kontu handia hartuz. Etxe bakotxetik bat joaten zan. Auzokoakaz batera etxekoak egoten ziran. Txandak egiten ziran, hiru-lau pertsona hildakoaren gelan, batzuk errosarioak errezatzen, eta besteak suetean, berbaz. Begirian egozanei ogia eta ardaua emoten jaken, goizaldeko orduetan kafea eta pattarra be bai.

Lastaira erre

Joan dan mendeko lehenengo hamarkadetara arte Euskal Herri osoan izan zan koltxoia edo lastaira erretzeko ohitura. Koltxoia lastoz edo arto kapatxez beteta egoten zan, horregaitik, lastaira, lastamarraga izena hartzen eban.

Lan hori auzokoen ardura izaten zan, eta etxetik hurren egoan bide-kurutzean egiten zan. Erretzen zan bitartean Aita Gurea errezatzen zan, eta ur bedeinkatu tantakada batzuk botatzen ziran surtara. Horren jatorrizko arrazoia zein dan ez badakigu be, azken urteetan, batez be garbitasun kontuakaitik egiten zan, gaixotasunak ez nahasteko, etab. Errautsak han geratzen ziranez, bidetik pasatzerakoan, jenteak errezau egiten eban.
Gero, muelledun koltxoiak hasi ziranean, ohitura guztiz galdu zan. Baina leku askotan gero be lastoa erretzen zan bide-kurutzean aintzinako ohituraren oroimenez.

Argazkiaren iturria: Luis Mari Zaldua, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.