Dakienak dakiEtnografia

Heriotza-ohikuneak VIII: Hiletak

Posted on

Kristau legeari jarraituta, hildakoaren aldeko meza gorpua eleizaren erdian zala emoten zan. Hileta-eleizkizunean, luto-bankuak, eleizako lekurik agirikoenak, doluan egozan gizonezkoentzat ziran. Familiako emakumezkoak hilobi sinbolikoaren aurrean, jarlekuan, esertzen ziran, etxe bakotxak eleizan berea eukiten eban eta.

Lehengo mendean estaduaren herri-aginduek debekatu egin eben hildakoak eleiz barrura sartzea, horregaitik zerraldoa eleizpean ixten zan, argiz inguraturik, eta hiru-lau pertsonek jagoten ebela, eleizako ateak be zabalik egoten ziran. Beste leku batzuetan gorpua lehenago enterratzen zan eta gero egiten zan hileta-eleizkizuna.

Batzuetan zerraldoaren ordez katafalkoa jartzen zan eleiz barruan. Egurrezko armazoi bat izaten zan, zerraldoaren lekua betetzen ebana, eta hileta amaieran abadeak bere aurrean otoitz egin eta ur bedeinkatua botatzen eutsan, zerraldoa balitz legez.

Hirurogeiko hamarkadan barriro berreskuratu zan hileta gorpua barruan zala egitea. Gaur egun hori asko galdu da.

Eleizako Erritualeko eleizkizunak bardinak ziran hildako guztientzat. Baina kategoria edo maila desberdinetako hiletak egoten ziran, lehenengo mailakoa, bigarrenekoa eta hirugarren mailakoa. Kategoria hau familiaren mailarekin bat etorren. Aldea izaten zan zenbat abade egon, zenbat argi izetu, kantuak ospe handiago edo apalagokoak egin, eta ondra-mezak gehiago edo gitxiago izatea.

Eleizkizunak ez dira hileta-egunekoak bakarrik. Etxekoek, senideek eta auzorik hurbilenek, dolualdiak irauten eban arteko eleizkizun guztietan parte hartu behar eben. Halakoen artean aitatzekoak dira ondretako mezea, hileta osteko bederatziurrena (geroago hiruurrena edo meza bakarra), eta Nafarroan arimen aldeko hileroko eguna. Dolualdia urteurreneko mezeagaz amaitzen zan, hil eta urtebetegarrenean hiletaren antzeko eleizkizuna eginda.

Jarlekuak, sepulturak

XX. mende hasierako urteetara arte, Hego Euskal Herrian ohitura zan hildakoei eleiz barruan lurra ematea. Etxe edo familia bakotxak eleizaren zoruan eukan lurperatzeko leku bat, hilobi bat. Gerora kanposantu edo hilerriak eleizatik aparte egin ziranean, etxeek aurrerantzean be gorde ebezan euren hil-lekuok eleizetan eta aintzineko hileta-ohikuneak betetzen ebezan bertan.

Hilobi sinboliko hori, defuntuentzako aldare baten modukoa zan, bere argizaiola, zamau eta oihalakaz apaindua, etxeko defuntuen alde otoitz egin eta opariak eskeintzeko.

Sepulturako argiak izitu eta defuntuei eskaintzak egiteko ardura etxeko andrearena zan. Eginbehar hori ezkontzako kapitulazinoetan be jasotzen zan aintzina, eta etxeko hilobiaren arduradun nagusi izateko kargua, sepultura hartze ekitaldiaren bidez egiten zan, aldez aurretik izendaturiko igande bateko meza nagusian.

Etxeko hilobiak garrantzia berezia hartzen eban hileta-mezan eta dolualdiko eleizkizun guztietan. Hildakoaren etxekoek argiak, ogia eta diruak ixten ebezan bertan defuntuaren arimaren alde. Herriko beste etxe batzuetatik ekarritako opariak be han jartzen ziran, etxeen arteko hartu-emonaren adierazgarri.

Sepulturako argiei esangura mistiko berezia emon izan jako, beti be heriotza ostean hildakoaren arimak bizirik irauten ebala sinistuta. Behinolako ogi edo labore oparien ordez, denporea igaro ahala, dirua ixten hasi zan jentea. Abadeari emoten eutsien, hildakoaren aldeko otoitzak (errespontsuak) sepulturan egiteko, hildakoak, horretara, betiko salbamena lortzeko.

Joan dan mendearen erdialdera arte, sepultura edo hilobi sinbolikook izan ziran Euskal Herriko alderdi askotan etxeko hildakoen alde otoitz egiteko errezu-leku bereziak.

Beharbada horregaitik, hiletetan, kanposantuan lurperatzeak garrantzia gutxiago eukan antzina. Zerraldoari hilerrira laguntzen eutsan jarraigoa senide eta auzokoren batzuk osatuta egoten zan. Eta, hildakoari han lur emoten eutsien bitartean, doluko emakumeak edo mindunak eleiz barruan jarraitzen eben hilobi sinbolikoaren aurrean.

Argazkiaren iturria: Michel Duvert, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.