Dakienak dakiEtnografia

Heriotza-ohikuneak X: azken aldiko ohituretarako aldaketa

Posted on

Orain arte ikusitako erritu-sistema honek aldaketa sakonak izan ditu denbora laburrean. Aldaketa prozesu horren unerik garrantzitsuena hirurogeiko hamarkadaren amaieran izan zan, Vatikanoko II. Batzarrak hileten eremura ekarritako barrikuntzen ondorioz.

Berrikuntzak direla-ta, hileta eleizkizunak gorpua eleiz barruan dala egiten hasi ziran barriro, eta zerraldoaren ordez eleiz erdian jartzen ziran katafalkoak baztertu egin ziran. Hileta-ohituretan eragin handiagoa euki eban oraindik hileta-mezak arratsaldez egiteak. Arin zabaldu zan ohitura barri hori, lan mundura etorri ziran ordutegi-aldaketakaz be ondo egokitzen zalako. Holan galdu zan goizeko hileta-eleizkizunaren ostean hildakoaren senide guztiek haren etxean egiten eben otordu edo bazkariaren ohitura.

Beste aldaketa bat be etorri zan, eleizako lur guztia luzetara jarritako bankuekin betetzea. Hori dala-ta, sepulturak kendu egin ziran; eta etxeko hilobiotan difuntuen aldeko argiak eta limosnak oparitzeko ohitura be galdu egin zan.

Aldaketa-prozesu horretan nabarmenen azaltzen da gero eta jente gehiago hiltzea ospitalean edo zaharren egoitzetan. Gaur egun normalena da etxetik kanpo hiltzea.

Egoera barri horretan, antzina etxearen inguruan izaten ziran heriotza-ohikuneak guztiz galdu dira: eleizakoetara joatea, heriotzaren barri emotea, hildakoa janztea, hil-ohea atontzea, auzokoak gaubelan parte hartzea.

Orain hileta-jarraigorik ez dago, eta hileta-jarraigoak oinez egiten eban ibilaldia eta hilbideak edo andabideak guztiz ahaztu dira.

Egoera barri honetan, heriotzaren gertakizuna senideen artera mugatu da.
Ohiturak aldatzeko eragin nabarmena euki dau zerbitzuak merkaturatzea eta eskura jartzea.

Etxekoek eta senideek heriotzaren ostean erabiltzen eben lutua guztiz joan da eta oraindik gehiago baztertu dira gizarte-harremanetarako lege zaharrak ezartzen zituan debekuak.

Hurrengo pausoa be gertatu da honezkero, gorpua erraustea, eta hileta zibilak egitea, eleizan barik.

Argazkiaren iturria: José Txintxurreta, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.