Dakienak dakiEtnografia

Maiatzeko Kurutzea

Posted on

Maiatzeko Santa Kurtze, hilaren hiruan, jai garrantzitsua izan da artzain eta baserritarren egutegian. Jai erlijiosoa baino gehiago zan, Maiatzeko Santa Kurtzetik (hilaren 3an, Kurtze Santua aurkitzea) irailekora (hilaren 14an, Kurtze Santuaren gorapena) bitartean udako garaia zan bete-betean. Kurtze santuaren jai bion arteko tarte hori zan seinaladua ardiak basora itzultzeko bedar berdea jaten, mendiko ur garbietara.

Maiatzaren 3an, Santa Kurtze egunean, abadeak landetara joaten izan dira herriko tontor edo muinoetan egurrezko Kurtzeak jartzeko eta lur landuak bedeinkatzen. Eta ez abadeak bakarrik, hareen antzera herritarrak eurak ibilten izan dira maiatzaren 3an landetan lora-sortak edo etxean egindako Kurtzetxuak Santa Kurtze egunean bedeinkatuta jartzen, ereindako haziak edo sartutako landarak zaintzeko.

Beste leku batzuetan, elorri zuria bedeinkatu eta etxean jartzen zan, tximistetatik babesteko.

Bizkaiko herri batzuetan (Mungialdea, Busturia) jasota dago maiatzaren bederatzian harraren eguna egiten zala. Egun horretan ez zan artorik erein behar, ez beste ezer, harra sartuko jakola eta. Beste lan batzuk egin eitekezan, baina erein ez. Artoari egun horretan gatza botaten eutsien, gatzak artoa bedeinkatu eta ez eutsalako harrari zabaltzen itxiko.

Bizkaian ospe handia dauka egun horretan Bizkargi mendian egiten dan jaiak. Inguruko herri guztietatik hainbat jente hurreratzen da bertara.