Errefrau horri erreparauta, zer sinesmen edo mezu dago, orrien jauskera edo orri-erorte deritxen fenomenoen atzean?
Sartaldean orrien jauskerea dinoguna, erdialdean orri-erorte edo hosto-erortze esaten da gehiago. Orri-erorte izena euskal mitologian formula lez be behin edo behin agiri da. Izan be, udagoienaren igargarririk agiriena eta ikusgarriena orrien jauskerea, orri-erortzea da, egutegiko hile eta egun zehatzek dinoena baino gehiago.
Herri-jakintzan, sarrien, naturaren eta berariaz lurraren zikloai loturik agiri da natura-fenomeno hau. Ereintza noiz egin behar dan gogorazoten da esaera-formula horreen bidez. Azkuek Goierrin (Gipuzkoa) honelan batu eban: “Orri-legorte, arbi-ereite; / orri-erorte, gari-ereite” (EY II 311). Orriak lehortzen diranean erein behar dala arbia, eta orriak jausten diranean erein behar dala garia.
Errefrau beronen aldaera osoago bat be bada, noiz zer erein iragartera datorrena, orrien ernekereagaz eta jauskereagaz, biakaz loturik: “Hosto-irtete, arto ereite; hosto-erortze, gari-ereite” (Atsot. 10985).
Baina euskal nekazaritza munduan sakonen iltzaturik geratu dana, orrien jauskerearen fenomenoa da. XVIII. mendean bertan, Larramendiren aldian, Itziarko seme izan zan Arakistain fraile ikertzaileak, errefrau-esaera hau zehatz batu eban, baina okerretara interpretatu. Halan idatzi eban gaztelaniaz: “Or’erorte, galereite, literalmente significa que el tiempo de la sementera de trigo suele hacer malos temporales, de manera que ya se cae aquí, ya acullá el sembrador” (Aq 48).
Orrien jauskerea, osasuna jagoteko abisu modura be sarri entzuten da, eta lehen be horrezaz oharturik egozan gure herri-osagileak. Orrien jauskereaz kontuz ibili behar dalako eretxia herri-jakintzan edo herri-pentsaeran sakon sarturik agiri da. Urdaibai aldean behin baino sarriago entzun dogu, burua endregetan ei jako jente askori orrien jauskerea datorrenean. Osasunean eragin zuzena dauelako sinestea zaharra da. Orduantxe etorten ei dira samako minak, katarroak, eztulak eta osterantzeko gaixotasun batzuk be. Errefrauak be badira horren iragarle diranak. Baten esana: “Hosto erorian katarrua harrapatzen” (Atsot. 6969).
Orbela azaltzen danean behearen gainean, arboletako orriak jausi diralako da, jakina. Eta horren ondorioetariko bat, txori-habiak, lehen orri artean ezkutaurik egozanak agirian eta hutsik ikustea izaten da. Iparraldeko errefrau batek horrezaz ohartzen gaitu: “Hostoak erori, kafirak (habiak) ageri” (Atsot 6974).
Orrien jauskerea, orri-erortea gari-ereitearen aldi-seinale iragarletzat, J. M. Barandiaranek baturik dakarren mito-esaunda baten azaltzen da: San Martin errmentariaren mito-ipuinean. Halan dino:
«San Martinek, Atauna etorri zanean, ez zekian erriko ez nekazaritzako berri. Eliza bat nai zuen zelai batean egin, ibarraren une zabalenean. Basajaunak muiño gainean (gaurko kanposantuan) egitea nai zuen. Egunez onek egindako lanak, gabez San Martinek ibarrera ekarri oi zituen. Gau batean, atso bat zegoan zelatan. San Martinek bere uztarriari:
‘Aida zuria, aida gorria. / Orrako zelatan dagoen atso orri / ateraiok begia’.
Idi batek bere adarrez atera zion atsoari begia.
Eliza egin zuen San Martinek, bainan bertako serbitzarientzat etzuen ez laborerik, ezta sororik ere. Basajaunari laguntasuna eskatu zion. Baina alperrik. Au saltoka zebilen galazi gainean. San Martinek, hura hala ikusita, iztar gueneraginoko polainak egin zituen, eta berak jantziak zituela:
—Nik ere hik bezala egingo diat —esan zion Basajaunari.
Saltoka asi zan bera ere pilo batetik bestera, ta polainak galaziz bete zitzaizkon. Garia lapurtu zuen.
Gero, galde au egin zion:
—Noiz ereiten da garia?
Basajaunak, irri ta parre artean, lagunai ze berri zen jakinarazi ta esan zien:
‘Orri-irtete, arto-ereite; orri-legorte, arbi-ereite; orri-erorte, gari ereite.
San Martin, bitarte hartan, gordeta zegoen, ta gordetik aditu zituen Basajaunaren hitz hauek. Eta harengandik ikasita, berak ere garia erein zuen ta harrezkero ederki elikatu ahal izan zituen elizako serbitzariak.
San Martin onen eguneko errezua au izaten omen zan: “Janak on daigula, edanak gaitzik ez; gorputzak osasuna, animan kalterik ez» ” (Obras completas, V, Bilbao, 1974, 196 orr.).
Orrien urteerea eta jauskerea aitatzen dituan pasarte polit bat, Egan aldizkarian idoro dogu: “Orri urteierea ta jauskerea, zirimol itzelaren ziruriketa (itzulketa) bizkor-txikia obo handienak astiro-astiro izar-artean birin-bolaka dituezala baiño eztira ba” (Egan 1969 (4-6), 45s).
Adolfo Arejita




