Ezezka dagoan esaldi bat atontzerakoan, berben ordenea ez dogu beti bardin egiten. Ezezka emondako esaldi bat irakurri dogu oraintsu, iragarki edo eslogan modura taiututa: Urdaibai salgai ez dago. Berben ordena hori ontzat emotekoa ete da?
Behin baino gehiagotan eta behin baino leku gehiagotan irakurri behar izan dot, herri eta erbeste, Urdaibai, Busturialde edo Gernikako errioaren alde banatan hedatzen dan lurralde maitea salgai ez dagoalako leloa. Baina eslogan hori irakurri ahala jatort burura, barruak halan aginduta, adierazteko modu hori ez datorrela nire hizkuntza-senagaz bat. Beste era honetara ordenau beharko neukela agintzen deust barruko sen horrek: Urdaibai ez dago salgai. Ezezka josiriko adierazpena. Hori ez da holan dinogunean darabilgun ordena bera.
Gaztelaniaz ezezkako esaldi horren ordena neutroa honakoa genduke duda barik: “Urdaibai no está en venta”. Berez beste ordena-modu batzuk be posible izan leitekez. Halan: “Urdaibai en venta no está”, baina euskal sunda sarkorregia dario bigarren ordena horri gaztelaniaz. Ez da behintzat erdal hiztunek lerabilkien ordena naturala, ez da neutroa.
Euskal hizkuntzak malgutasun handiagoa darakus gaztelaniak baino ordena kontuan, eta ordena-modu diferente gehiago onartzen ditu. Baina aukeran ditugun ordena-modu diferenteon artean be bat izan ohi da berezkoa, naturala edo neutroa. Eta beste ordenak, markatuak dira zelanbait: esaldi horretako berbaren bati (edo gehiagori) indar berezia emotera zuzendua da jeneralean beste ordena hori; beren-beregi, gurata darabil halan hiztunak edo idazleak.
Emon daigun, berbarako, ezezkako esaldi hau: “Auto barria erosteko dirurik ez daukat”. Esaldi horri beste ordena hau be ezarri geinkeo: Dirurik ez daukat auto barria erosteko. Indar handiagoa emoten deutsagula dirudi dirurik ez daukat atalari: Dirua dala nik ez daukadana. Goren ezarri dogun ordeneaz be eratu geinke: Auto barria erosteko ez daukat dirurik. Eta ordena horretan be intonazino berezia emon geinkeo auto barria erosteko unitateari, eta orduan jazo leiteke guk esan gura doguna izatea: Auto barria erosteko ez, baina eguneroko bizimodurako edo beste zeregin batzuetarako bai dirua badaukagula esan gura izatea.
Ezezkako beste esaldi bat: Aste bitartean ez dogu egunero etxean jaten. Ezezkako esaldi horretan ez dogu jaten aditzaren erdian egunero etxean sartu dogu eta esan lei indar gehitxoago emoten jakola atal horri, aste bitartean dalakoari baino. Eta beste era honetara ordenatuko bagendu: Ez dogu aste bitartean etxean jaten, aditz barruan sartu dogun aste bitartean atalak indar gehiago hartzen dauela dirudi.
Ezezkako esaldietan indar berezia hartzen dauena ezeztapen-hizkia (ez) eta aditz jokatua izanagaitik, gerta leiteke beste esaldi-atalen bat edo batzuk be aparteko moduz indartu edo jalgi nahi izatea. Badinot, kasurako: Perikori ez jako esan gaur etorteko, informazino horren azpian, ez jakola esan aditzaz gainera, beste zeozer be indarturik egon leiteke. Halan: Hari ez jako esan gaur etortekorik, bihar etorteko baino.
Urdaibai salgai ez dago eslogan-esaldi horretan, salgai ez dagoala esatearen atzean beste mezu bat be badatza, edo izan leiteke isil-ezkutuan, inplizitu: geuretzat daukagula estimadu edo geu garala erostunak.
Adolfo Arejita




