Gaur hedabideetan sarrien entzun eta irakurten dana UrriKO azken astelehena da, izenon arteko loturea -ko genitiboaz eginda. Baina berez erarik garden eta garbiena, eta zaharrena be, UrriAREN azken edo azkenengo astelehena egiturea dala sinestuta nago.
Iñigo Muñoz euskerahobezale finak errazbidetu euskuzan adibide batzuk, Nabarnizen orain urte batzuk baturikoak, Nabarnizko Hiztegia dalako corpusean. Han agiri dira honako testigantzok: Urridxen azkanengo astelehena, eta baita be Urridxen azkana.
Sintagma bion azpian datzan erlazinoa zein dan, itaun baten bidez, honelan argitu daiteke: Zenbat astelehen ditu edo daukaz urriak? Lau? Bost? Zein hileren astelehenak dira? Urriaren lehenengoa, Urriaren bigarrena, eta holantxe Urriaren azkenengoa.
Joera handia dago gaur egungo berbetan, -ren edutezko genitiboa kontestu askotan -ko leku-denpora genitiboaz ordezkatzeko. Eta hori da eretxi baten, urriaren astelehenakaz jazoten dana. Zein hileren astelehena izatetik zein hiletako astelehena izatera etorri gara.
Lar eskatzea da beharbada, baina Gernikan hain seinaladuak diran jai-egun biok era landuan, Urriaren azkenengo astelehena eta Urriaren lehenengo astelehena egituren bidez finkatuko balira, begi onez ikusiko genduke, besteari ezer kendu barik, errazbide labanei atzea emonda.
Adolfo Arejita
