Dakienak dakiHizkuntza

ASKORIK, NAHIKORIK, HAINBESTERIK Zenbatzaileak partitiboaz bai, gero?

Posted on

Sarritan irakurten ditugu, eta entzun be, askorik, gehiagorik, nahikorik eta horretarikoak. Gramatikan zenbatzaile zehaztugabeak deritxen kategoriako hitzak -ik atzizki partitiboaz lagunduta erabilirik, ezezkako esaldietan halan toketan dalako usteaz edo.

Atzizki partitiboa ezezkako perpausetan (eta beste kontestu batzuetan) izen sintagma bati eranstea ohikoa da baldintza batzuen azpian. Izen edo sintagma horrek balio mugagabea izatea da baldintzetariko bat. Nor edo kasu absolutiboa izatea beste bat. Aditza predikatu-aditza ez izatea beste bat (da, dago, dirudi). Eta izen sintagma horretako izenari, adjektiboari edo izen-adjektibo multzoari atxikirik egotea beste bat. Baina ez, izen sintagma horretako zenbatzaile edo determinatzaile bati. Zenbatzaile bat determinatzaile dan neurrian, ez da toketan, bada, ez askorik, ez gitxirik, ez nahikorik, ez hainbesterik, ez ororik.

Halan: Zalduna. Zaldun bat. Zaldun gaztea. Zaldun gazte bat izen-sintagma ezezkako perpaus baten barruan agiri bada subjektuaren edo objektu zuzenaren funtzinoa beteten, eta zein zaldun edo zaldun gazte dan ez badakigu, ezaguna ez dan bat bada, gaztelaniaz un caballero, un joven caballero, bildur barik erantsi geinkeo -ik atzizkia: Zaldunik edo Zaldun gazterik ez dago hemen / ez dot hemen ikusi.

Baina arazoa sortzen da zaldun, zaldun gazte horri zenbatzaile bat gehitzen badeutsagu, kopuru bat edo gitxi gorabeherako kopuru bat zehazteko asmoz. Bardin da bat-batzuk, asko, zenbait, gehiegi, gitxi edo nahikoa. Zenbateko edo kopuru hori zehaztua zein zehaztugabea dan, bardin deutso; kasu horretan izen sintagma horrek ez dauka -ik atzizkiaren preminarik. Are gehiago, berez hor ez da toketan -ik partitiborik, semantikoki eta zenbatekoari dagokionez bateraezinak diralako -ik mugagabe absolutua eta asko edo gitxi kopuru apreziatibo baten adierazleak.

Gitxi zenbatzaileagaz behin be ez da ezkontzen partitiboa: *Gitxirik ez daki okertzat joko leuke edonork, eta Gitxi ez daki zuzentzat. *Hainbatik ez dauka okertzat eta Hainbat ez dauka zuzentzat. *Hainbesterik ez dogu behar okertzat eta Hainbeste ez dogu behar zuzentzat.

Askorik da partitiboaz ia bakarra, gitxi-asko entzuten dana. Baina erabilia danean be, ez darabilgu zenbakarri edo zenbatekodun zentzuaz, kopuru nahasiaren esangureaz baino. Askorik ez da behar dinogunean, Askotzarik ez da behar esatea lez da ia; zenbatekodun kopurua. Egur askorik ez dago errazago esango genduke, Ume askorik ez dago eskolan baino. Bigarren esangurarako zuzenagotzat joko genduke: Ume asko ez dago edo ez dagoz eskolan.

Gehiago eta gehiegi konparatzaileakaz be ez da ohikoa -ik atzizkia. Entzun edo irakuri bai egiten dira behin edo behin honetarikoak: Denpora *gehiagorik galdu barik edo Lan *gehiegirik ez dau eskatzen hori prestatzeak. Hobetsiko gendukezanak besteok dira: Denpora gehiago galdu barik edo Lan gehiegi ez dau eskatzen hori prestatzeak.

Zenbatzaile zehaztugabeek ez dabe berez eskatzen -ik partitibo-atzizkia erabiltea. Esaldia ezezka egonda be, zenbatzaileak edo zenbatzaileagaz doan izenak ez dau behar ik partitiborik; ez dau eskatzen, eta berez onartzen be ez.

Nahikoa zenbatzaileagaz be ez dator erara -rik. Irakurri edo entzuten dira inoiz: Emoidazu apur bat, ez daukat *nahikorik eta edo antzekoak. Hobetsiko gendukena: ez daukat nahikoa eta. Informazinoari ez deutso ezer gehitzen hor partitiboak. Alperreko apaingarria da. Analogiaz esaldi barrura txirrist egin dauena.

Adina, beste konparazino-hitzakaz eregitako esaldietan be baztertu beharrekoak dira honelakoak: Orain autoa erosteko adina *dirurik ez daukagu. Era zuzena: autoa erosteko adina diru.

Hizkera batzuetan bat zenbatzaileari be -ik txertatzeko joerea sartu da (Artibai aldeko kostea daukat akorduan). ?Zenbat daukazuz? Batik be ez. Badaezpadako joerea, esango neuke. Bat horri indarra emon nahi izan ezkero, bestela be esan daiteke: bat bera be ez. Arrisku gogorra dago, bat > batik onartzen hasten bagara, beste zenbatzaileei be lizentzia emongo ete deutsegun: birik, hirurik, bostik akabu bako sokea egin arte. Jainkoari ez dakiola nahi halako plagarik sartu dakigun. Ez, Jainkoarren.

Salbuespentzat onartzekoa, edo igarotekoa, ez gomendagarritzat, horraitino askorik lagako dogu: Gauza askorik ez daukagu emoteko, baina zeozertxu bai. Baina gomendioa beste honi: Gauza asko ez daukagu emoteko, baina zeozertxu bai.

Iturriko
2016-03-31