Dakienak dakiHizkuntza

Aurretik uste edo espero dogun gertaera bat jazoten danean EZ da ‘egin’ sartzen

Posted on

“Esan EGIN dau”, “Hil EGIN da”… Aditzetan EGIN sartzeko joera handia dago aspaldion euskera landuan. Labur esanda, noiz toketan da egin hori sartzea eta noiz ez?

Esango neuke larregi lez joten dogula zorioneko egin hori aditz barruan sartzera.

Sarri aitatzen ditut neure eskoletan, Cesarrek Rubicon ibaia igarokeran esan ei zituan berbak: Veni, vidi, vici. Etorri nintzan, ikusi neban, garaitu neban. Baina ikusi dot itzulpen batzuetan: etorri egin nintzan, ikusi egin neban, garaitu egin neban.

Berba egiten dogunean, aurretik uste dogun edo espero dogun gertaera bat jazoten danean, ez da egin sartzen. Cristiano badago kontrako porteriatik hur, baloia oinetan dauela, eta gola sartzen badau: hor doa baloiagaz eta, jo dau baloia eta sartu dau gola errezago esan geinke, eta hobeto esanda, beste hau baino: jo egin dau baloia eta sartu egin dau gola.

Auto-ezbehar gogor baten ondorioz, auto-gidaria larri zaurituta badaroe anbulantzian ospitalera eta bidean hilten bada, ez dogu esango hil egin da, aurrez uste izan doguna kunplidu dalako. Esango dogu: hil da edo bidean hil da edo dana dalakoa.

Egin hori aditz barruan larregi sartze hori, esan lei ze batzuetan darabilgula, eretxi oker bat dogulako buruan: euskera jatorragoa, garbiagoa edo berezkoagoa darabilgulakoan. Eta uste oker horrek eraginda, gehiegi darabilgu batzuetan.

Esakerea da: larra, txarra dala. Iturriko ur freskoa, berezkoa, haxe da onena, azken baten.

Adolfo Arejita