Dakienak dakiEtnografia

Erregelak San Pedroetan

Posted on

Erregelak, Soka-dantza, Elizateko aurreskua. Izen guztiok dantza bera izendatzeko dira. San Pedroetan egiten izan da, baina gerora beste jaiegun batzuetara zabalduta dago. Jatorria Bizkaian badauka be, Arabako zenbait herritara be heldu da.

Dantzak bost zati daukaz: aurrez-aurrekoa, abarketak, erregelak edo ingurutxoa, banako zaharra eta eskasak edo zortzikoa. Erregeletako atala, era berean, beste zati bitan bereizita dago; aurreskua eta atzeskua. Horreek biok, beste dantza askoren moduan, kantau egiten ziran. Holan errazago zan dantzarientzat dantzan ikastea.

Meza nagusiaren ostean egiten zan dantzea, herriko agintariak bertan zirela. Zortzi dantzari izaten ziran, eta garrantzitsuenak aurreskularia eta atzeskularia. Alkateak eta alkateordeak urte horretan ezkondutako andrazkoen artean bi aukeratu eta euren omenez banako zaharra egiten eben. Goizeko ekitaldia orripeko, arin-arin edo porrusalda eta biribiltekagaz amaitzen zan.

Arratsaldean, behin eta barriz errepikatzen zan soka-dantza, orduan agintaririk barik. Dantzariek eurek euretara aukeratzen ebezan ikusleen artean omendu beharreko neskak.

Hona koplak:

Abarketak urratuta
zapatarik ez
Bemeon gelditu naz
oinetako minez.
Hauxe dok egia
zortziko barria.

Hiru txiki arduarekin
librako ogia.
Ardautxuak parau gaitu
dantzari bai eta koplari,
ez gaituk mutiltxuok egarri
ez eta egoki.

Neronen afezinoa
beti dok tabernarako
bestela gure finak
eskean beharko.

Ezin faltadu,
kondezinotxuak bere
onak ditugu.

Goizean joaten gara
tabernara eta
arratsean berandu etxera
gero joaten gara.

Atzo eta gaur,
harainegun bere bai,
hiruretan izan da,
gure herrian jai,
baina horigaitik, hi!

Betor ardoa
edan dezagun eta gero
gogoz dezagun alegrez.

Erropatxu zaharrak eta
eztarriak garbi
zorra dogu franku baina
harturenak gutxi.

Bart gure auzoan
ziraden hasarrez,
bai batzuetan geu bere
baita orain bere,
gogoz dezagun alegrez
alegrementean
egongo garean artean
leku batean pitxarra aldean
gure fina biharkoz jagok
ospitalean.

Tra tralailaraila lalalalara
trialalarailalai.

Argazkiaren iturria: Julen Uribe. Antxinako Berriz. Bizimodua eta ohiturak (Labayru 2008) libururako itxitakoa.