Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste dira Argiak argitaratu barri dauen Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren egileak. Dana dala euren lanaz ganera, beste hainbat lagunen kolaborazinoak be batu ditue.
Liburua altxor handia da, edukiaren aldetik, argazki eta ilustrazinoen aldetik eta euskeraren aldetik.
Lehenengo zatian zuhaitzakaz, basoagaz, naturagaz eta bizimoduagaz lotutako hainbat gairi buruzko artikuluak aurkituko ditu irakurleak. Gehienak adituek eta kolaboratzaileek idatzitakoak dira. Horren ostean dator lanaren muina: Euskal Herriko zuhaitz eta arbolen katalogo zabala. Guztira 112 espezie jaso ditue, 16 multzotan sailkatuta: astigarrak eta iharrak, elorriak, ezkiak, gaztainondoak, hezurdunak eta beste hainbat.
Espezie bakotxaren inguruko informazino zehatza eskaintzen da: izenak, jatorria, ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak, izurriteak eta bestelako berezitasunak. Ganera, atal guztiak aberasteko, euskal literaturatik hartutako testu hautuak txertatu ditue, beti be gaiagaz lotuta.
Edukiaren aldetik lan erraldoia da, baina liburua eskuetan hartzean beste gauza batek be berehala erakarten dau arretea: edizinoaren kalidadeak. Argazkiak, marrazkiak eta irudiak bikainak dira, eta maketazinoak zein inpresinoak maila handiko lana dala erakusten dabe. Azken baten, zuhaitzak gure bizimoduaren parte izan dira mendeetan zehar, eta euren egurra eta baliabideak ezinbestekoak izan dira tresnak, eraikuntzak eta era guztietako objektuak egiteko.
Liburuaren balioa, ganera, ez da bakarrik batzen dauen ezagutzan. Izan be, obra osoa euskeraz idatzita dago. Eta hori gitxi balitz, amaieran hiztegi aberats eta mardula batu dabe egileek. ‘5.000 hitzeko ondarea’ izena emon deutsie atal horri, eta izenak berak ondo adierazoten dau barruan dagoan altxorra.




