Donostian ospatu zan orain hilabete Euskal zinemaren gala HANDIA izena eroian ekitaldia. Gala handia?
Nik gala NAGUSIA finkatu balebe izentzat, aiutuago ikusiko neban. Ez dira gauza bera guztiz, handia eta nagusia.
Lehenago gure herrietan meza bi egoten ziran jeneralean: goizeko mezea eta meza nagusia. Meza handia esaten sekula ez dot entzun.
Herri eta auzo batzuetan be sarri egon ohi da etxeren bat, besteak baino ederrago, handiago eta itzal gehiagokoa: etxe nagusia esan izan jako, eta ez etxe handia.
Erakunde eta enpresetan be beti egon ohi da bat, beste guztien gainetik agintzen dauena: zuzendari nagusia.
Abereen alegietan be beti aitatzen da lehoia, abere guztien buru edo nagusia izatearen autormenaz.
Erromako Aita Nagusia izendapena be Aita Santu Erromakoari autortzen jako.
Lan jerarkian be morroia eta nagusia aitatzen dira sarri.
Labur esanda, handia eta nagusia ez dira bat, eta ez dira izen edo ingurune berberetan erabilten. Donostiako Euskal Zinemaren Gala Nagusia askoz indartsuagoa da, Gala Handia dala esatea baino.
Adolfo Arejita




