Dakienak dakiEtnografia

Heriotza-ohikuneak IX: Segizioaren itzulera

Posted on

Hileta-eleizkizunaren ostean, jarraigoa, dolukoak behintzat, eleizarainoko bideko ordena berean etxeratzen ziran. Etxeko atarian errito btzuk egiten ziran, esate baterako, karitatezko jan-edana (Araban eta Gipuzkoan), ardaua eta ogia emoten eutsiezan enterruan egondako guztiei, edo defuntuaren aldeko otoitza su baten aurrean (Baxenafarroa). Beraz, heriotzeagaz lotutako erritoak, etxean hasi eta etxean amaitzen ziran.

Etxean, bertako bat galdu izanagaitik mina agertuz, etxekoek eta senideek, anderuek, bazkari bat egiten eben alkartasunean, entierro-bazkaria, defuntuaren eta «aurretik etxetik joandako» guztien alde otoitz eginez. Abadeak edo lehen auzokoak zuzentzen eban otoitza. Bazkari horretan defuntuaren alde limosna emondako guztiak, hau da, mezakoak izaten ziran mahaikide.

Enterruak arratsaldean egiten hasi ziranean, eta herri batetik bestera mobitzeko aukerak erreztu ziranean entierro-bazkariok galdu egin ziran.

Dolua, lutoa

Herri bakotxeko ohiturak aginduko dauen epe baten, etxekoek mugatuta eukiko dabez gizarte-harremanak; ezin izango dabe parte hartu jaietan, jolasetan, ezkontzetan, ospakizunetan, etab. Gizonezkoak ezin ziran tabernara joan. Ezkontzak eta etxeko ospakizunak atzeratu egiten ziran, edo derrigorrez egin behar zirenean ospakizunik gabe egiten ziran.

Hildakoaren aldeko eleizkizun guztietan egon behar dabe bitarte horretan eta, hildakoagaz zelango ahaidetasun-lotura izan, halango dolu edo lutu ezaugarriak agertu beharko dabez jazkeran.

Lehenengotan lutu osoa egiten da, guztiz baltzez jantzita eta gizarte-hartu-emonak guztiz galarazita. Gero luto erdia, edo luto arina dago. Garai horretan erropa baltzak, zuri, grisa eta moreagaz nahasten dira.

Lutoaren iraupena, sepulturan argiak pizten ziran aldiagaz bat etorren. Herrien arabera, bat, bi edo hiru urte. Eta erropei jagokenez, batzuetan bizitza osorako izaten zan, senar-emazteen kasuan, bost urte gurasoentzat…

Argazkiaren iturria: Iñaki Linazasoro, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas Etnográfico. Ritos funerarios en Vasconia libururako itxitakoa.