Dakienak dakiHizkuntza

Hiztegia 1: Astoa

Posted on

Etxeko piztien gainean hainbat esakune eta errefrau dagoz euskeraz, baina astoarean gainekoak dira nagusi danen artean.

Baserritarrak beti izan dau astoa lagun eguneroko behar eta zereginetan: bendejea eta esneak herrira bajatzeko, bueltan errekaduak etxera eroateko, ganaduarentzako jatekoak ekarteko edo basotik egurra igaroteko. Behar astunetarako erabilten izan da eta hortik dator ahalegin fisiko handia eskatzen daben jardunai astobeharrak esatea bizkai euskeraz. Zenbat biderrez entzun ete doguz edadekoen ahotan Makinatxu bat astobehar eginda gagoz gu baserrian edo Astobeharrak egiten kantsauta nago ni eta antzekoak.

Astoa, beste alde batetik, ezjakintasunagaz eta moztasunagaz lotu izan da:

Asko dakianagaitik askojakina dala esaten da euskeraz; ostera, bere burua gauza handitzat daukanari, baina erdirik be ez dakienari, astojakina. Eskola gitxikoa edo ezjakina danagaitik sarri entzuten da esakune hau: Gure kortako astoak baino gitxiago daki horrek. Eta ustea edo dudea erakusten dauenari, hauxe erantzutea: -Seiretan datorrela pentsetan dot. -Pentsau astoak egiten dau. Buru gitxigaz eta ondo pentsau barik jokatzen dauenari be astoa edo astakilo hutsa dala esan ohi jako, astakeriak esan edo egiten dauzalako.

Nonorgaitik motza baino motzagoa dala esateko, konparazino zelebreak egiten dira astoaren atzea irudi hartuta: astoaren popea baino motzagoa izan edo astoaren uzkia baino motzagoa izan. Edo honako esaera hau be bai: Astoa zaldiz jantzi arren, beti asto.

Zaldia astoa baino animalia ederragotzat hartu izan da beti, baina mandoagaz alderatu ezkero, astoa arean baliokoagotzat hartu izan da. Horren erakusgarri dogu erderazko ir de Guatemala a Guatepeor esamoduaren pareko dan asto joan eta mando etorri errefraua. Horren antzeko beste esaera bat be bada, irabazi ustean negozio txarra egiten dauenagaitik esaten dana, edo zeozertan txarragora goazala adierazoteko: Ederra egin dok: astoa saldu eta mandoa erosi.

Hainbat esakune dagoz astoaren inguruan eta gehienetan kontzeptu negatiboai lotuta, baina esaera zaharrak dinoan moduan, astoa beti asto: genio y figura hasta la sepultura.