Dakienak dakiHizkuntza

Hiztegia 11: Nagia

Posted on

Euskera egiten dan eremu osoan esaten da nagia. Nagiak, personak izaten dira batez be, eta sarritan, berez nagia izatea barik nagi egotea suertetan da. Gorputzaren egoera bat da nagitasuna, batez be gorputzari berez ixten deutsana egoten da nagi; ostera, bizitzeak estutzen dauen personea fin ibilten da zetan edo hatan, bizimodua zeozelan aterateko.

Beste era batzuetara be izentetan da nagia: alperra. Nagia dana beharrean zuria izaten da, edo atzerea, edo ardurabakoa, edo jareina, edo itxia. Bere lekutik zirkinik egin barik dagoanari, mukurra be esaten jako.

Personak ez diranak be izan leitekez nagiak noizik behinean. Nagi-iturria esaten deutse Deba goienean, urak noizik noizera baino urteten ez dauen iturbegi edo manantialari.

Hatz nagia edo beste barik nagia esaten deutse hainbat lekutan erdiko atzamar luzeari be.

Nagitasunean be mailak egoten dira, graduak. Nagi handia danari leku batzutan esaten jako nagitoa edo nagitotzarra dala be. Alper eta nagi berbak batera dirala, norbait alper-nagia dala, edo Iparraldeko erara, nagi-alferra.

Nagia danak beti dauka atxakiaren bat, ezer egin barik egoteko; sarri, beste zereginen baten akiakulea ipinita. Hori dinoskue behintzat esaera zahar batzuk: Nagia beti lantsu dinoe Iparraldean; Nagia beti nekatua, Nafarroa aldean, edo Nagiaren besoak beti antxumatuak, Gipuzkoa aldean. Edo nagiak, beti atxakiak.

Beharrari atzea emon gorabehera, sabelari ez deutso bakerik emongo nagiak. Nagiak ondasunak jan gogorazoten deusku beste esaera batek.

Errefraua aitatu dogun ezkero, ezer ez egitetik kalte handiagoetara be berez doa nagia: etxe-kalte edo herri-kalte izatera. Halan dino esaera batek: Gizon beti nagia, etxe galtzaigarria. Behin zeozertan hasi eta beratan guztien kalterako: Jagi zan nagia, erre eban uria, dino esaera zahar batek. Eta oraintsuagoko beste batek: Nagiagaitik herri zan uria.

Baina nagi berbea, nagitasuna adierazoteko be erabilten dogu. Euria edo hotza dan egunetan, kasurako, nagia emon leio bateri etxetik urteteak; etxe barruan epel-epeletan gozoago egoten dalako. Beharren bat aurrera atera behar bada, nagiak kendu eta zuzen heldu behar jako.

Izaten dira batzuk, nagiarren edo euren nagi handiz, jatekoa prestetako be ardurarik hartzen ez dabenak; ia goseak lehenago hilko leukezala.

Nagitasuna, kortan tenplau etxunda dagoan ganaduaren irudiz be azaltzen da inoiz: Nagitasuna sartu zan korta ilun baten ta han geratu zan etxunda, lurrera begira dino sermoilari zahar batek.

Nagikerian ibiltea be ez ei da ona bizimodua aurrera aterateko.

Urak ibai zabaletik itsasorantz joaten diran moduan, gu be nagiro goaz, geldiro-geldiro, geure saio honen akaburantz. Nagiak hartu barik, bizkor eta fin ekin deiogun aurrera.