LiteraturaZahar-barriak

Idatz & Mintz literatur aldizkariaren ale barria

Posted on

Labayru Fundazioak argitaratzen dauen Idatz & Mintz literatur aldizkariaren udako zenbakia agertu da honezkero, 68garrena. 61 orritan zehar, hainbat eratako irakurgaiak aurkituko ditu irakurleak.

Azaleko irudia Enrique Morentek egindakoa da. Mamimean sartu ezkero, narrazinoa da nagusi: Miren Agur Meaberen “Leihoak”, Patxi Zubizarretaren “Goyaren txakurra Beiruten”, Lourdes Unzuetaren “Adio sekulako”, Jesus Etxezarragaren “Bilbo eta kolore-lerroak”, Inaxio Lopez de Aranaren “Visirekin bixi-bixi”, Iratxe Ormatza Imatzen “Hankea eta tintea”.

Era guztietako gaiak eta estiloak dagoz danen artean, familia eta bikote hartu-emonak, gerra, coronavirusaren eragina, arrazakeria, gerra…

Horrez ganera, Jabier Kaltzakortak “1857. urteko Bizkaiko Gabon-kantu bat” errekuperau dau, 11 estrofako kantu ondo polita.

Xabier Bovedak literatura unibertsaleko beste atal bat gehitu dau, Tolstoiri buruzkoa oraingoan, Bulka txakurraren ganeko narrazinoak euskerara ekarrita.

Sebas Gartzia Trujillok Joxanton Artzeren irakurketak aztertu ditu, eta Iñaki Sarriugartek Bitoriano Gandiagak Dos meses aldizkarian argitaratutako lanak.