Dakienak dakiHizkuntza

Irailaren zortziko Andra Mari

Posted on

Urtean zehar hainbat jaiegun dagoz Andra Mariari eskainiak. Irailekoari zelan deritxo? Bizkairik gehienean Andra Mari irailgo. Herri-berbetan Andra Mari ilgo era laburraz be bai. Baina Uribe barrenean (Arratia eta Nerbioi) Andra Mari urriko deritxo hile honetako Andra Mari egunari. Horren arrazoia Uribe barreneko berbetan irail izenik erabili ez izanean datza.

Gure mezu-talde baten honakoa idatzi eban irailaren 8an, astelehenez, Arantzazuko seme on batek: “Gaur Andra Mari urriko. Lemoan eta Artean fiesta handie” (Jon Etxebarria). Baina harik lasterrera ohar hau egin eutsan Jesus Eguzkitza, Arrazolako semeak: “Hi, Alkate! Urrietan Andra Mari urriko dok, baina irailean, Andra Mari ilgo dok”. Arrazolako berbetan, irailgo > ilgo era laburrera ekarri dabe hiztunek.

Hile-izenei zein izen emoten jaken batean edo bestean, hor dago untzea. Arratia eta Nerbioi aldean ez da erabili izan irail izena urteko zazpigarren hilearentzat, gazt. ‘setiembre’. Urtearen bederatzigarren eta hamargarren hileak izen berberaz ezagutu izan dira: urriak, pluralez. Horrexegaitik esaten da, noiz? eta urrietan. Eta urri biak banangotzeko, leku edo herri batzuetan (Arantzazun. Jon Etxebarria), urrietan dinoenean, ‘irailean’ esan gura dabe, eta hamargarren hileaz diharduenean, urri bigarrenean esaten dabe. Baina beste herri batzuetan zehaztasun gehiagoz (Zeanuri. Jesus A. Etxezarraga) urri lelengoa bederatzigarrenari eta urri bigarrena hamargarrenari deritxoe. Noiz izango dan zer edo ha, inesiboan esan daroe: urrietan, pluralez. Eta horren nominatiboa, zein hile, urriak dogu, pluralez. Nahiz eta horrelan (urriak laster datoz) mehatzago entzuten dan. Labur esanda, Uribe barreneko herrietan urri bi dagoz: urri lelengoa (lehenengoa), urria izen soilaz be izendatua, eta urri bigarrena.

Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasean be zehaztasun handiz baturik dator hile-izenon bakantasun hau.

Irailaren 8ko Andra Mari eguna artezean aitatzen dauen dantza-kopla bat jatort gogora, orain dala aspaldi Begoñako Andra Mari Irakasle-Eskolan ikasle izan neban Lea ibarreko ikasle batek (Mendexan edo Amoroton seguru ez nago) honelatsu batu eustana: Andra Maria irailgoz / Arraten erromeria. / Denpora ona egiten badau, / neu bere haraxe noia.

Adolfo Arejita