Dakienak dakiLiteratura

Jaime Kerexeta 1918-1998

Posted on

San Inazio egunekoa zan Jaime Kerexeta, Elorrion 1918an jaioa eta bertan 1998an hila. Abadetzarako ikasketak ezeze musikakoak be egin ebazan. Abesbatzen zuzendari eta organojolea izan zan. Baina euskera eta euskal kultura bete-betean landu zituan. Gazterik zaletu zan euskereaz eta hareri lotuta egin eban bizimodua, alderdi ezbardinetatik ganera. Lan oparoa egin eban, hirurogei bat liburu itxi zituan.

Olerki egilea dogu, alde batetik. Orbelak (1958) eta Bitargi (1960) liburuak argitaratu zituan.

Eleiz-liburuen itzultzaile dogu beste alde batetik. Jesukristo gure Jaunaren Barri Ona (1960) eta Eguneroko meza eleiztarren eskura ipini ebazan euskeraz (1962). Horren ostean Bibliako zatirik garrantzitsuenak euskeratu ebazan, Alkartasun Barria eta; eta azkenean Euskal Biblia (bizkaieraz) osorik (1976). Beste hainbat lan be egin ebazan berak bakarrik. Gero, Kontzilioak eleizkizunak lekuan lekuko hizkuntzan egiteko bidea zabaldu ebanean, liturgia batzordean parte hartu eban, euskera egiten dan beste lurraldeetako abadeakaz batera testuak bateratzeko.

Heraldika, fogerazinoak eta genealogia gaiak asko ikertu ebazan, eta hainbat argitalpen itxi zituan horretan be.

Hizkuntza gaietan, gramatika eta hiztegiak egin ebazan. Eta literaturan Bizkaiko zenbait idazleren lanak batu eta argitaratzea bideratu eban.
Hainbeste behar egin ostean, aitorpenak be hartu zituan. Euskaltzaindiak, Euskal Itzultzaileen Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak omenaldiak egin eta agiriak emon eutsiezan.