Dakienak dakiEtnografia

«Komuninoa egin dozu eta orain handia zara»

Posted on
Lehenengo jaunartzea haurtzaroko lehenengo egoera-aldaketako ohikunea zan

Aurten komuninoa egingo daben umeak, aspalditik dagoz maiatzaren zain, hilabete honetan izango dalako haurtzaroko gertaera garrantzitsuenetako bat.

Ilusino eta zirrara handiz itxaroten dabe egun seinalaua. Egun horretan eurentzako izango dira opariak, egun bakar baten erabilteko beren-beregi erositako traje dotoreak jantziko dabez; azken baten, eurak izango dira egun horretako protagonista bakarrak.

Antzina, ostera, ez egoan oparirik, ez egoan traje dotorerik, eta gitxiago egun bakar baterako egindakorik. Kasu batzuetan komuninoa hartzeko arropa barriak egin arren, aurrerantzean domeketan eta jai-egunetan erabilteko modukoak izaten ziran beti. Antzina ez egoan ospakizun berezirik, askotan komuninoa astegunean egiten zan, goizean lehenengo orduko mezan, eta ospakizun nahiko eta sobra izaten zan etxean edo sakristian bertan emoten eutsiezan txokolatea eta barkiloak gosaltzea.

Baina erlijino aldetik adierazten dauenaz gain, lehenengo jaunartzeak beti izan dau aparteko zentzu berezia, batez be komuninoa gaur egun baino beranduago egiten zanean (12-14 urte bitartean). Lehenengo jaunartzeak, haurtzaroaren amaiera eta gaztaroaren hasiera markatzen eban. Askotan entzun ditugun «komuninoa egin dozu eta orain handia zara» edo «orain gizon egin zara» moduko esaldiek argi eta garbi adierazten dabe egoera aldaketa. Bestalde, mutilak praka laburrak alde batera itxi eta praka luzeak jazten hasten ziran, eta hori pausu garrantzitsua zan eurentzat, horrek erakustenen ebalako haurren eta gaztetxoen arteko desbardintasuna.

Askotan edade horretan eskola ixteko garaia eta lanean hasteko unea heltzen zan. Horregaitik, komuninoa egitea bizitzako lehenengotako egoera-aldaketako ohikunea zan.