Sukaldaritza kontuan, olagarroa zelan sukaldatu azaltzeko, hizlari bati entzunikoa: “Olagarroa burutik oratuko dogu”.
Oratu aditza dala-ta, aditz horren erregimenari buruzkoa da oharra. Oratu aditza zeri edo nori oratu egitureaz darabilgu. Halanda ze, esaldia honelan birformulatuko genduke: Olagarroari burutik oratuko deutsagu. Edo aditza era inpertsonalean erabilita: Olagarroari burutik oratuko jako.
Esapide ezagun batzuk:
Eskutik oratu: ‘eskutik heldu’: Jente artean ez galtzeko, alkarri eskutik oratuta joango gara.
Gaixotasunak dirala-ta: “Koronobirusak ez deusku oratu hondino, eta pozik!” (Ipiñaburu). Birusak be ez deusku oratu oraingoan eta, pozik gagoz.
Balio figuratuagaz: “Geixo txarrak oratu deutso horreri! Enbidia geixo txarra da.” (Barrutia. Laura Totorikaguena).
Klasiko biren testigantza. J. A. Mogel: “Eskaillera mailleetati jasteko oratu egiozu alboko aga eskuordeko oni […], oraindino bildur bazara oratu egidazu neuri beste esku orregaz” (PAb). Frai Bartolomek, dantza eta saraoetan dabiltzan neska-mutilak zelan ikusten diran alkarregazkoan: “Alkarri eskuti edo samati oratuta” (Olgeeta).
