EtnografiaZahar-barriak

Sanpedroak Bizkaian

Posted on

San Pedro ospatzen dogu bagilaren 29an, sanpedroak. Bizkaian hainbat herritan murgilduko dira asteburuan eta hurrengo egunetan jai-ospakizunetan: Mungia, Sopela, Muskiz, Dima, Arantzazu, Berriz…

Danetan Lekeitio nabarmenduko dogu. Izan be, Lekeitioko jai nagusiak sanantolinak badira be, San Pedro egunez jai berezia egiten dabe. Hasteko, mezea eta prozesinoa santua lepoan hartuta bere irudia dagoan lekuraino; kilin-kala deritzon ohitura, santua itxasora botateko itxurea; eta kaxarranka, kofradiako kaxaren ganean egiten dan dantzea.

Kaxarrankak kofradiako presidentea aldatzeko ohituran ei dauka jatorria. Kofradiako ondasunak presidente zaharraren etxetik barriarenera eroatea esan gura dau antza. Kutxa marinel talde batek daroa lepoan hartuta, eta ganean dantzari batek banderea eskuan dala eta fracez jantzita, dantza egiten dau santuaren aurrean eta kofradiako presidentearen etxe aurrean.