Berbak euskeraz modu batera esan eta beste era batera idazten ditugu. Eta kasu batzuetan zalantzatan jarri be bai, idazten dan moduan ahoskatu behar ete dogun berbaz. Aditzak ezezka, esaterako. Ez jat gustetan ala Etxat gustetan. Ze bide hartu?
Berba egiteko era dotoreak dagoz, idatziari guztiz lotu barik be. Idatzirako erabagi diran arauek ez dabe zertan izan ehuneko ehunean berbaz erabilteko. Eta aitatu dogun ez horren kasua da bat. Ez dot gura idazten doguna eztot gura edo antzera esaten dogu gehienok. Ez jaku komeni, etxaku komeni edo komunidu. Ez gara joango, ezkara joango. Edo ez nintzan egon, enintzan egon. Edo ez leuke ekarriko, eleuke ekarriko.
Euskera irakasten dan lekuetan be, ahozko esamoduok kontuan hartu eta irakatsi beharrekoak dirala esango neuke.
Horreek idazten dana hórrèk edo hórreik esaten da.
Berba asko dira, hiztunok alkartutzat sentitzen ditugunak, eta batzuk banan idatzi arren, lotu legez ahoskatu beharrekoak: piper berdeak edo pipérbèrdeak ez da gauza bera; piper gorriak eta pipérgòrriak be ez.
Pelota-jokoan kontadurian bat eta bapez esaten dogu. Idatzita be bapez hobeto dago hor, bat be ez baino.
Baina hor be neurria jagotea onena: “Larra txarra” da, berbaz be. Berbaz euskera jasoa, jagia egin gura badogu, idatzitik hur egotea jeneralean hoba da, baina berbazkoari be hurretik jaramonda.
Idatziz: Berbaz:
Ez dot gura Eztot gura
Ez jaku komeni Etxaku komeni
Ez gara joango Ezkara joango
Adolfo Arejita




