Dakienak dakiHizkuntza

Zer esangura gordeten dau ‘guren’ atalak leku-izenetan?

Posted on

Leku-izenetan eta abizenetan sarri agiri dan berbea edo berba atala da guren. Ganguren deritxo Bilbo ganeko mendi kateari, parte batean behintzat. Gaur egunean berba zaharkitua da eguneroko berbetan guren adjektiboa. Baina leku-izen askotan eta deitura edo abizen modura dirau guren berbeak. Natura-izenei dautsela agiri da batez be, geografia-izenen ostean adjektibo modura edo, esan leiteke.

Lehenengo eta behin ohar egin daigun, guren horrek ez dauela lotura zuzenik leku-izenetan hain ugaria dan guen berbeagaz. Bigarren guen hau izena dogu kategoriaz, baina esanguraz, leku-izen askotan agiri dan guen izena, beste leku batzuetan goien edo goen da. Zerbaiten edo erreferentzia-gune baten goiko partea. Bigarren guen honen lekukotasunak dira Etxaguen, Ibarguen, Uriguen leku-izenak, edo -a mugatzailedun diran besteok: Aranguena, Landaguena, Totorikaguena edo Aiartzaguena.

Baina guren berbea, fonetikaz antzekoa izan arren, batzuen eretxiz adjektiboa da gramatikaz, eta beste batzuen eretxiz izen sustantiboa.

Koldo Mitxelenaren eretxian, gazt. ‘linde, límite’ dateke guren hitzaren esangurea, ‘muna’ hitzaren baliokidea edo. Baina Mitxelena hil ondoren, Alfonso Irigoienek adjektibotzat joten eban guren hori; guri adjektiboaren sinonimoa datekela bere eretxian. Mitxelenaren eretxitik hurrago dago nire gogoa. Errazago dakust guren berbeori izen kategoriakotzat, adjektibotzat baino. Geografia ezaugarri berezia daben izenakaz agiri da ia beti.

Hara adibide ezagun batzuk. Aranguren, aran izenaren lagun. Bidaguren, bide izenaren lagun. Egiguren, egi izenagaz batera. Eguren, sakonean aurrekoaren forma laburtua: egi + guren. Ibarguren be bada, ibar izenari dautsala. Ganguren izena gan, gane izenaren gainean eregia da. Mendiguren, mendi izenagaz alkarturik. Solaguren, solo izenari laguntzen. Ajangiz gainean bada Solaurren esaten jakon baserri bat, aurreko izenaren itxura lausotuaz. Oxanguren, oxan izenagaz batera, abizenetan Ojanguren modura erabilia. Ortuguren be badogu Berrizen, ortu izenari dautsala, Andikoa auzoko baserri baten izen modura.

Amaiera gisa, eraikuntza-izen bategazko adibide bi eskainiko ditugu:  Monasterioguren (Gasteiz). Muniozguren be bada, Munioz leku-izenagaz batera.

Adolfo Arejita