Bilboko Eleizbarrutiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoan (BEMK) Arratiako eskualdeari jagokozan lanak aurkeztu dabez Zeanuriko Andra Mariaren Zeruratzea eleizan.
Egitasmoaren jentaurreko bigarren aurkezpena da. Iazko maiatzean, Nerbioi Garaiko eskualdeari jagokozan lanak, Katalogoaren osotutako lehenengo zatia, ezagutzera emon ziran Zeberion. Oraingoak Arratiako eskualdera hedatu dau ibilbide hori, Bizkaiko tenpluetan iraun dauan historia-arte ondare osoa dokumentatzea helburutzat dauan ekimenaren etenbako aurrerapena berretsiz.
Lanei esker, hamar parrokia eta hirurogeta zortzi ermita katalogau dira Artea, Arantzazu, Dima, Igorre, Bedia, Lemoa, Zeanuri, Ubidea eta Areatza udalerrietan. Dokumentazino eta ikerketa lan zehatzak egin izan dira eleiza, ermita, erretaula, eskultura, margolan, urre eta zidargintzako pieza, ehun-gai, kanpai eta bestelako liturgia osagaien inguruan.
1980ko hamarkadan hasita, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoaren bigarren emonaldi honegaz beste urrats bat emon da burutze-bidean. Egitasmoaren amaieran, Bizkaiko 785 tenpluetako ondare-osagaiei jagokezan 10.000 fitxatik gora izango da osotuta, 1.000 erretaula eta 9.000 eskultura inguru, margolan eta urregintza eta zidargintzako piezak, 1.500 planotik gora eta 20.000 argazki inguru batuta. Europako eleiz ondarearen agiri-biltegirik osoenetakoa izango da.
Inbentariotik harago, eraikin bakotxa historia, arte eta arkitekturaren ikuspuntutik aztertzen da, artxiboetatik, bibliografia espezializatutik eta eremu-ikerketatik etorritako informazinoa erantsiz. Argibide guztiok Monumentuen Katalogoaren plataforma digitalean (www.catalogomonumentaldiocesisdebilbao.com) dagoz eskuragarri, euskeraz eta gaztelaniaz, eta hainbat tenplutan aurkitu daitekez edukiak berehala eskuratzea ahalbidetzen daben QR kodeak.




