LiteraturaZahar-barriak

Aurreskua, Deunoro Sarduiren liburua

Posted on

«Aurreskua» izenburuagaz atera dau liburua Deunoro Sardui muxikarrak, Muxikako Udalak egindako argitalpenean.

Deunoro Sardui herrian eta erbestean ezaguna da dantza eta antzerki arloetan hainbat ekitalditan buru egin izan dauelako.

Liburu honetan arlo biok batu ditu. Gaia aurreskua dau, baina ikuspegi zabalagaz. Aurreskua bera zelan egiten dan azaldu eta irudiakaz erakusten dau, baina baita dantza egiteko kontestua be. Gazteen arteko hartu-emonetan dantza horrek zer eragin eukan adierazten dau, gurasoen ezkontza-tratuen aldean batez be.

Eta hori alkarrizketa itxuran emonda dator. Hainbat pertsonaia agertzen dira, jente ezagunaren erakusgarri, benetako historietan oinarritutako kontakizunean.

Testuaren apaingarri argazkiak dakarz, garai askotako herriko dantzarienak, dokumentu ederra benetan.

Liburua amaitzeko Ariatzako Zaragiaren kondairako bertsoak dakarz, Ariatzan egiten ebezan antzezpenak gogoratuz.

Berbeta bizi-zolia darabil Sarduik liburuan, ahoz-ahozkoa, entzutekoa, egilea bera dan lakoxea.