Dakienak dakiHizkuntza

Berba zaharbarrituak: zemai

Posted on

Zemai izena, zematu aditza eta zemaiz edo zemaika aditzondoak dira formarik ezagunenak. Gaur gitxi erabiliak izatearen arrazoia, euron lekua beste berba batzuk bete izana izan daiteke. Halan, berbaz, amenazua, amenazuka edo amenazau maileguzkoak entzuten dira askoz gehiago, eta idatziz, mehatxu eta mehatxatu dira nagusitu diranak. Halanda be, hiztun zaharrek hondino be badakiez honetarikoak esaten: Harri bat hartu eta zeimaika hasi jatan. Edo antzekoak.

XVI. mendeko errefrau zahar bitan agiri da zematu adjektiboa. Bata: Zematuok ogien jala (Los amenazados, comedores de pan) (RS 21). Bestea: Zematuok gehiago, orzituak baino (Ms los amenazados que los enterrados) (RS 93).

XVII. mendeko dotrina-liburuan Kapanaga maariarrak zemai darabil itaun-erantzunetan: P: Nok oneen kontra pekatu egiten dau? R: Zemaia edo agrabioa egiten dabenak, edo zordunari parkaetan eztabenak.

XVIII. mendean zemai darabil Barrutia Mondragoeko eskribauak bere antzerkian birritako aldiz. Bat: Berba gogorrak, mila zemai neuk egitea kunpli da. Bestea zemai egin aditz lokuzino barruan: Zemai Mari Gaboni, Mari Gaboni zemai?

Mende horren akabutik aurrera, batez be XIX. mendeko klasikoen artean benetan ugaria da berba hau. Mogelek zemai, zemaiz eta zematu darabil. Peru Abarka berba-jardunetan behin: Alperrik soldadu erkin, koldar ta guperia zapalduko dozu zemaiz ta agiraka garratzez. Latin klasikoen euskal bertsinoetan beste behin: Dariok ego ta arnasa beste batzuk arturik, bialdu deustaz karta arro ta lotsabagiak, zematuten nabela, jaubetuko dala neure gauzaakaz. Dotrinan be bai: Barre egiten neban, zematuten nendubenian bere aserriaz.

Aibarrok be antzera: ama batek bere ume txikiaz egin daroana: ikaratu, zemaitu, bildurtzen dau, iges eguin gura dabenean; ta onenbestegaz bere besarte ta altzora biurrerazoten dau.

Pedro Astarloak paradisuan Jainkoak Adan eta Ebari eginiko mehatxua gogorazoten deusku: Agindu eutsan ez egijala jan Paradisuben erdijan eguan arbolako fruta edo sagarrik; zematuten ebala, jaten baeban, bertatik ilgo zala.

Gaurko literaturan txertatzeko moduko hitza dalakoan gagoz, berau eta eratorriak: zemaia, zemaiz, zemaika eta zematu.