Dakienak dakiHizkuntza

‘Hobekuntzarako bidea hartu’

Posted on

Eguraldiaren aurreikuspena iragarteko, hedabideetan entzuniko esaldia: “Eguraldiak hobekuntzarako bidea hartuko du”.

Gramatikaz esaldi zuzena da, zertan esan be ez. Baina kalean zoazela aurrean topetan dozun bati itaunduko bazeuntsa: “Zer, gizona? Bihar ze eguraldi modu euki behar dogu ba?”, eta berbea zuzendu deutsazun horrek: “Eguraldiak hobekuntzarako bidea hartuko du” erantzungo baleutsu, zurt eginda geratuko zinateke erantzun horregaz, eta zeure buruagazko esango zenduke nor ete dan holako jakitun plantakaz erantzun deutsun hori. Edozein euskaldunek, hangok zein hemengok, nekez erabiliko leuke berbaz formula-modu hori.

Baina aurreko berba-lagun horrek erantzungo baleusku, esaterako: Eguraldiak onera egingo dauelakoan nago, itxurea ikusita, seguru nago hurragokotzat sentidu edo geutarikotzat hartuko gendukela berba-lagun hori.

Onera egin edo txarrera egin: osasunaren gorabeheran darabilgu askoz sarriago esapide hori, ohean gaixorik dagoan lagunak hoberantz edo okerrerantz egin ete dauen aditzen emoteko. Labayru Hiztegiak honako adibidea darabil okerrera egin aditz lokuzinoaren sarreran: “Gaixoak okerrera egin dau: Ha empeorado el estado de salud del enfermo”.

Baina berbaz, eguraldia dala-ta be berez-berez darabilguzan esapideak dira onera edo onerantz egin batetik, edo era konparatuan hobera edo hoberantz egin dalakoaz. Eta kontrakoa adierazoteko bardin: txarrera edo txarrerantz egin batetik, edo era konparatuan txarragora, txarragorantz egin dauelakoa bestetik. Kontrako esangura honentzat oker be sarri darabilgu: okerrera egin, okerrerantz egin. Eta beste gehiago be badira.

Onera egin aditz lokuzinoaren lekukotasun batzuk, eguraldia dala-ta: Denporeak onerantz egin dau. Literatura modernoan: «Berriz eguraldiak onera egin zuan” (J. Azpiroz Arbol zarraren).

Txarrera egin aditz lokuzinoaren berbazko testigantzak: Eguraldiak txarrera egin dau. Beste era batera esanda: Eguraldia berdetu dau. Labayru Hiztegiko adibide bat: “Denporeak ez dauka txarrera egiteko trazarik: El tiempo no parece que vaya a peor”.

Zelako eguraldia dagoan edo izango dan erantzuteko adjektibo diferente asko ditugu ‘onerako zein txarrerako’. Onerako: Egualdi ona, ederra, zoragarria… batetik. “Berakatz eta kipulak egoaldi onagaz atara” (Egutegi.Arantzazu 1962-06-01).

Eguraldi txarra esateko aukerak ugariagoak dira oraindino: eguraldi eskasa, makurra, negargarrizkoa, lupuen denporea… eta beste.

Argi-ilunaren gorabeheran: iluna, motela, argia… “Egualdi illuna” (Anabitarte Aprika).

Hotz-beroaren gorabeheran: Eguraldi hotza, beroa, epela, hotza…

Eguraldi izena huts-hutsean be erabilten da, eta izan da eguraldi onaren seinalagarrirako euskal hizkeretan aspalditik. Isasti kronisteak XVII. mendean bilduriko errefrau batek dino: “Goiz gorri, euri daidi; arrats gorri, eguraldi. (Isasti errefrau-bilduma 41). Orixek halan darabil: “Biharamonez egueldi dala / aitonak leihotik igar” (Euskaldunak). Eta Orixek berak goiko errefrau zaharraren oihartzun modura: “Arras gorri, bihar eguraldi” (Biblia Mt 16, 2). Kirikiñok: “Inora ibilten joateko eguraldirik ez egoalako aterrune bagako eurite handi haregaz” (Aberria, 146).

Akabukoz, lokuzino-esapide ezagun bat dakargun hona, eguraldi txarrari buruzkoa: Denpora txarrak / eguraldi txarrak emon: “Eguraldi txarrak emonda, ostera txarra euki eben” (Lino Akesolo Atxostetik Atxostera).

Adolfo Arejita