Dakienak dakiHizkuntza

Telefonoa hartukeran, batzuetan entzuten da “NOR da?” eta beste leku batzuetan “ZEIN da?”. Bereiztea komeni da?

Posted on

Bietara dagoala itauna ondo eginda, esango neuke nik. Baina itaunaren atzean dagoan esangurea ez dator beti bat itaungilearentzat.

Euskera ondo egiten dan paraje batzuetan, telefonoa hoska hasten danean eta erantzuteko hartu, “Zein da?” galdetzen dabe, telefonoan beste aldean zein dagoan jakin barik. Bergara, Eibar edo Ondarroan holan dalakoan nago. Inguru horretako euskaldunentzat zein itaun-hitzak nor estaldu egin dau ia osorik; ordezkatu.

Baina euskaldunik gehienok, kontestu horretan berean, nor da? itaunduko genduke. Nor darabilgu askoz gehiago, eta zein askoz murritzago. Eta bide horretatik, nor hori zein erdi estaltzera ailegau gara. Batez be gaur egun eta jente gaztearen artean. Eta horretan gaztelaniaz be badauka zerikusia: Quién erabilten da ia beti eta gutxi batzuetan baino ez cuál.

Ikasgela barruan irakaslea, berak eginiko itaun baten erantzun eske hasten bada, zelan esan behar dau: Nork daki? ala Zeinek daki?

Hor dago untzea! Zalantzatan paretan gara. Kontua ez da nor noiz erabili? Horrek berez urteten deusku. Noiz erabiltea komeni da zein? Hori da babestu beharrekoa.

Talde mugatu, kopuru laburreko baten barruan, edota ezagunen artean, egiten badozu itauna, Zein galdetzea ondo legoke. Mahai baten inguruan: Zeinek nahi dau ardao baltza? Zeinek ardao gorria? Zeinek, txakolina?

Gure aholkua: Nor beti-beti erabilten ibili barik, Zein honi be arnasbidea emon, toketan jakon lekuan.

Nor?: zabalena da, zuzena eta egokia orokorrean.

Zein?: talde mugatuan, ezagunen artean galdera egiteko. Ez da hain orokorra, baina tarteka erabiltea komeni da, beti Nor? ez esateko.

Adolfo Arejita