Dakienak dakiHizkuntza

‘Temosoa bestean harroa da’

Posted on

“Temosoa bestean harroa da” esaldiak belarrian ondo joten dau?

Gaztelaniaz normalak dira taiu honetako konparatiboak, adjektibo biren kualidadeak bardinean konparatzen ditugunak: “Es tan terco como arrogante”.

Bardintza-konparantza egiteko markarik ezagunena gaur euskera batuan bezain dogu. Adjektiboakaz, beste hitz-kategoria batzukaz lez, ondo ekantzen dana: tematia bezain harroa, handia bezain torpea, txikia bezain bizkorra.

Gramatikaz zuzentzat joko gendukez goiko esaldiaren taiukoak, nahiz ez izan ohiz darabilguzan egiturak. Beharbada gramatikaz ulergarriago gendukez mezu berarentzat honako beste egitura batzuk: a) Temati bestean harro dan… b) Tematia besteko harroa dan… c) Tematia dan bestean harroa dan… d) Tematia dan besteko harroa dan…

Aukeran daukagu baita sartaldeko euskeran baizen marka zaharra be: temosoa baizen harroa, urri be urri erabilia izanagaitik.

Bardintza-konparaketak egiteko, beste, bestean, besteko urriago erabilirik agiri dira tradizinoan bezain markaren baliokide modura.

Beste da berez soilena eta ugariena. Besteko da hurrengo ugarien darabilguna. Eta maila apalagoan agiri da bestean inesibokoa konparatze-egituretan.

Goiburuko adibide hori bihurri samarra da konparatze-egituretan, dana dala; konparantza berezia, edozelan be: adjektibo biren artekoa, adjektiboz adierazotako kualidadeen konparagarritzat eihoa. Ez da hain normala hiztunon artean, eta idatziz be nekez darabilguna, zerren gitxitan egiten ditugu kualitate-adjektibo biren arteko konparantzak.

Bestean inesiboko marka noiz agiri jaku euskeraz idatziz edo ahoz? Labur antzean, hara egitura nagusiak erakusgarri:

– Dan bestean formula barruan: dan ginoan, dan heinean, dan eduan, dan neurrian.

– Ahal (dan) + bestean +esapidearen barruan: “Gizabatz osoaren ona ahal bestean egiteko gertu ta prest egon behar dau” (J.B.Eguzkitza Gizarte Auzia). “Ugazabak gehitu eta alogerekoak ahal bestean gitxitu nahi ditu” (ibid. Giz.Auz.). “Atzerrietatik merkeago datozan gauza askori ahal bestean sarbidea galerazteko” (ibid. Giz.Auz.).

– Nahi (dan) bestean.

– Behar (dan) bestean. “Baita eztituz orreek artuten bere zeregin bakarra edo nagusiena legez; ezpada ze orreek igaropidez edo bide batez bear bestean egin ezkero, bere bideari barriro ekiten deutso” (M. Zabala Sermoiak I). “Ikusirik (eretxi baten bear bestean) noz dan pekatu jai-domeketako bearra, dakusgun orain noz eztan pekatu bear ori” (M. Zabala Sermoiak II). “Orain arte domu edo kapitalaren alde egon diran legeak lanaren alde, behar bestean aldatuko balira” (J.B.Eguzkitza Giz.Auz).

– Aditz erlatiboaren jarraian: -an bestean. Urria da tradizino idatzian; ugariagoa berbazkoan.

Idazle modernoetan: “Nik gauzea dan bestean dakit goratuten” (G. Egiluz). “Martin, nazan bestean enozu ezautzen” (F. Arrese-Beitia). “Lanerako gauza ziran bestean baino ez ebezan ugazabak aintzat hartzen.” (J.B. Eguzkitza Giz.Auz). “Gizasemea, azaletiko gauzak beragantzen dituan bestean, eragotzi ta adigabetzen da” (Pi aba Imit-Antz-bidea 90).

Idazle klasikoetan: “Pekatu egin daroe ikazkinak, edo ikatzen jaubeak, betetan ezpadituez bear dabeen bestean ikatz-sakuak” (M. Zabala Arantzazu serm). “begira zeuen arimeari, eta jagon egizue zor jakan bestean [eduan, aleginean]” (M. Zabala Arantzazu serm). “Orduan txikertuko dogu neurri ta pisua, eta goratuko dogu prezioa. Ondoko ginokoa salduko dogu gura dogun bestean” (M. Zabala Sermoiak II).

Aditz subjuntiboaz (a) eta ahalerazkoaz (b) be bai: (a) “ezagututeko pekatuen (…) zeinbatasuna al dedin bestian” (J.A. Mogel); (b): “Garbituten da ura edan leitekian bestian.” (J.A. Uriarte)

– Izen edo izenordainen atzetik erabiltea guztiz arraroa da tradizino idatzian. Ohikoa edo normala da, ostera, gaur egungo hiztunen artean.

Hara eredu gitxi batzuk. Absolutiboa, ergatiboa edo datibo kasua + bestean. Halan: Zuk bestean neuk be badakit.

– Aditzizena -teko + bestean menderakuntza-perpausetan. Azkue: “Ikusten zan elizea beten-bete hartu ezin ahalan, horretako lehenengo ganezka egiteko bestean ipinirik gizonezkoz eliz ganbarak” (Euskalzale 1897). E. Erkiaga: “Erantzun eutsan ahopean, ozta entzuteko bestean” (Batetik.Bestera).

– Nahiko bestean egitura lexikotua lokuzino konposatu barruan. “Ezteusku inok galaazoten euretara elduten, eta darioen Jaungoikozko ur gozo eta zerukoagaz naiko bestean aseten” (M. Zabala Bermeo serm).

Adolfo Arejita