Dakienak dakiEtnografia

Umeen jokoak I

Posted on

Izena: jolasa, jolasaldia, jolasketa, jostadura, jostaldi, jostaketa, josteta, olgeta, kirola.

Gizakiak jokoa dau lagun jaio eta gehiago, bizi dan artean. Jokoak emoten jakon baino garrantzi gehiago dauka. Gizartearen ustez jokoa entretenimentua, jolasa, denpora-pasa, dibersinoa, lebabako kontua da… Baina umeen jokoa hori baino askoz bere gehiago da; ikasketa, imitazinoa, saiakuntza, antzezpena, eginkizunak betetea be bada. Azken baten umearentzat, jokoak, helduarentzat lanak daukan beste garrantzi dauka.

Umeak jaioten danetik, eta hasten doan bitartean, bizitzaren ikasketa prozesuan jokoa dau lagungarri. Jokoaren bidez apurka-apurka hasiera baten ulertzen ez dituen helduen jarduerak eta ekintzak onartu eta asimilau egiten ditu, eta era berean helduen mundu horretan integratzen da, azken baten gizarteratu egiten da. Umeak olgetearen bidez gaitasun fisikoak, zein sozio-kulturalak, zein burukoak garatzen ditu. Eta bide batez diziplina-ariketea be bada, ze jokoan galtzen ikasiko dau.

Kultura zaharrean bizitza osoa adierazten da jokoen bitartez: agindua eta zigorra, langintza eta sinesteak, sakratu dana eta ez dana, aurkikuntza barriak eta usadio-ohiturazkoak, norberaren eginbeharrak eta gizarteko eginbeharrak.