Dakienak dakiEtnografia

Umeen jokoak V: Sexu-desbardintasuna jokoetan

Posted on

Gizonezkoek eta emakumezkoek guztiz betekizun eta jarrera desbardinak eukiezan gizarte tradizionalean, desbardintasun horreek neska eta mutikoen jolasetan euretan be nabari-nabariak izan dira.

Gizarte tradizionalean, indarra eskatzen eben jokoak mutikoenak bakarrik ziran, baita zelan edo halako indarkeria edo bortizkeria behar dabenak. Mutikoen jokoetan indarra eta mobimentua izaten dira nagusi, adibidez: lasterketa-lehiaketak, jauziak, jaurtiketak, burruken itxurak egitea, animalia txikiak harrapatzea, eta abar.

Horren parean neskek olgeta geldiak egiten ebezan batik bat eta eskuekin edo oinekin gauzak erabilteko trebetasuna erakusten dabenak edo imitaziozko eta antzezpeneko jokoak; panpinetara eta sukaldetara esaterako. Abileziazko jokoak be; sakak edo tortoloxak, eskuz hariekin egindakoak, diaboloak eta antzeko jostailuekin; jauzi erritmikoak, sokan, etab. Neskak izan dira batez be jokoak kantuen laguntasunarekin egin izan dabezanak.

Hirurogeiko hamarkadan, lehenengo jaunartzearen ostean, zazpi bat urtegaz edo, berez-berez ezartzen zan sexuen banaketa haur-jokorik gehienetan. Lehenago, gaztetxoagoak direnean banaketa hori askoz be txikiagoa izaten da. Gero, ostera, neska batek mutikoentzako jokoetan parte hartzen ebanean mari-mutil esaten jakon euskeraz, eta mari-chico edo mari-macho erderaz. Eta alderantziz mutiko batek nesken jokoak egiten bazituen, maritxu esaten jakon edo mari-chica, marikita, erderaz.

Joko askotan desbardintasun honeek egon arren, horreetariko batzuetan beharrezkoa zan neska-mutilak batera jardutea, eta joko asko eta askotan batera ibilten ziran; ostonduten, adibidez. Sexuen arteko banaketa hori indarra galtzen joan da, eta kasu batzuetan gainera beharrak eraginda, herri edo auzo txikietan, zenbat eta neska-mutil gitxiago egon, orduan eta derrigorrezkoago batzuk eta besteak alkarregaz olgatea.

Gaur egun jokoetan sexu bereizketarik ez egiteko ahalegina egiten da. Egoera barri horretarako lagungarri izan dira eskola mistoko sistemak, nesken eta mutikoen arteko hartu-emon ohikoagoak eta bardintasuna lantzeko kontzientzia. Halanda be bada joera, orain be, edade batetik aurrera neskek nesketara eta mutilek mutiletara egiteko da.

Jokorako egiten diren edade desbardinetako taldeak, ume txikientzako babes-eremuak dira, nagusitxoen ardurapean izaten dira, eta bide batez amari ardura bat kentzen jako. Hau herrietan eta auzoetan askoz be gehiago gertatzen da, hirietan ostera adin-taldeka egiten diran banaketak zorrotzagoak izaten dira, gehienetan ume txikien ardura amarena izaten dalako.