Dakienak dakiHizkuntza

Zer esanGO, NORK ZER emonGO, ZER jazoAN be

Posted on

Oraintsuan erabili genduan gaurkoaz zerikusi estua daukan gaia Ez dozu zer ipini dudarik idatzian (2016-12-23) Bizkaieraren Ataria webgune honetan. Haren osagarri edo hornigarri izan gura leuke gaurkoak.

Galdetzaile batez (zer, nork, zelan) eta aditz partizipioaz horniduriko perpausak, baina aditz laguntzaile bakoak; azaleko egituran behintzat, adizki jokaturik ez daben itaun perpausak; mendeko itaun perpausak, zehatzago esateko.

Jo daigun hurrengo esaldia dinogula: Ez daukie zer ikusi zuk dinozunak eta nik dinodanak. Zehar galdera egiturea osotzen dau berez zer ikusi horrek, baina soil-soilean darabilgu aditz partizpioa hemen, ez mugatzailerik, ez beste atzizki-markarik atzean dauela. Jirabira bat eginez, beste era batera be entzun edo irakurri daiteke mezu bera: Ez daukie ezer ikustekorik. Beharbada, ez lehenengoa baizen egokia.

Konbinaketa diferenteak asmatu leitekez egitura honentzat: Ez dauka nora joan. Ondo jakin dau nogaz ezkondu. Gatxa da asmatzen zelan konpondu. Honeetan kasuotan aditz laguntzailerik ez da onartzen, adierazo nahi dana adierazoteko haren preminarik ez dagoalako. Ez dakit nora joan dinodanean, neu joan da azpian datzana, hau da, ez dakit aditzaren subjetu berbera. Alperrikoa litzateke joango nazan osoagotzea, hau da, -ko gertakizuna eta naz laguntzailea eranstea. Horren beharrik ez dago testuinguruan hori ulertzeko. Beste batzukaitik esan gurako bagendu bai: Ez dakit nora joango diran. Baina Ez dakit zer pentsau be esaldian, neu naz ez dakidana eta neu naz zeozer pentsau guran nabilena. Subjektu berbera jagoke aditz biei.

Aditz laguntzailea agertu edo ez agertu, ez da beti izaten hain zehatza eta hain garbia,dana dala. Laguntzaile barik osoturiko esaldi bi ekarri daiguzan hona. J.A. Mogelen alegi edo Ipuin diralakoetatik jasoa da lehenengoa: Ez ekarren ez batak ez besteak nok testigantzea emon. J.M. Zabalarena, hurrengoa: Ez balego non entzun, ez legoke nok esan. Inok ez daroa saldutera bere zaldia edo beia, nok erosi ez dagoan lekura.

Beste batzuetan, halabaina, aditz laguntzaile aoristoaz, subjuntiboaz, hornidurik agiri da aditza. Mogelengandik jasoak dira hurrengo adibide biok. Bata: Eztago nok buruan sartu daioen. Bigarrena: Ez dago nok egin daian penitentziarik. J.M. Zabalarena da hurrengoa: Baia ez dago nok au askori burutan sartu dagion. (165)

Zehar galdera perpausak diran ezkero goian aitaturiko guztiak, galde-hitz bi batera suertetea be jazo leiteke, bakotxak funtzino banangoa dauela. Halan: Ez dauka nori zer eskaini. Dudan dago zenbat nori emon. Zelan jakin geinke nor zergaitik saritu?. Mogelen adibide bat gehituko dogu: Bata ta bestea ebilzan, nork nori sartu mausa edo tranpea (Ipuinetarik).

Aditz partizipioa -ko gertakizun atzizkiaz markaturik agiri daneko kasua be ugaria dogu euskeraz, mendeko aditzaren gerokotasun aspektuari adierazkortasun berezia eransten deutsan egiturea, hatan be.

Ondoko adibideok erakutsiko deuskuez egitura honen zertzeladak. Hemen gagoz noiz urtengo: geuk noiz urten, adierazo gura da. Begira gagoz zer jazoko, edo nor etorriko. Aditz nagusiaren subjektua eta mendeko bienak diferenteak izanagaitik, aditz laguntzaile beharrizanik ez dago hor. Hor dabil gixajoa, non jausiko. Kili-kolo dabil, behea noiz joko. Pentsau eta pentsau nabil, arazoa zelan konponduko. Esaldi honeetan guztiotan azpian datzan aditz laguntzailea (batzuetan ete hitz modalaz osotu leitekena) isilpean gelditzen da. Eta aditzaren inguruko elipsi prozesu horri esker, labur eta adierazkortasun handiz egiten dogu adierazpena.

Galde-hitz bigaz be bardin eregi daiteke geroko partizipiodun mende-egitura. Adibide bi: Hor ikusi dot eskean, nork zer emongo. Basorik baso ebilen bide-lapurren antzean, nori zer ohostuko.

Galde-hitzez horniduriko partizipio perpauson azken puntu modura, deklinazinoko funtzino-markaz lagunduriko bat edo beste aitatuko ditugu.
Mugatzaile soilaz, -a atzizkiaz eregia da hurrengoa: Zer pentsaua edo Zer pentsau handia emoten deusku horren jokabide badaezpadakoak.

Inesiboko -an atzizkiaz egituratua da ondokoa: Zer jazoan be neurriak hartu beharra dago, etorkizuna segurtatzeko.

Beste funtzino-marka batzuekaz be bardin eregi geinkez eredu honetako esaldiak, baina gaurkoz begoz hor gainerako funtzino-atzizkiok, hurrengo baten bakotxak zer emongo.

Iturriko
2017-01-27