Dakienak dakiHizkuntza

Hiztegia 6: Lo ederra, osasun ederra

Posted on

Gaztetan gau osoan parrandan ibili eta ostean, biharamonean amaren erretolika luuuzeari amaierea emoten eutsan gauean parrandan, goizean logura, ez zara zu, maitea, osasun gura esakerea entzunda daukagu, segurutik, gutariko askok eta askok. Errazoi eban amak, lo ederra, osasun ederra.

Eta, ba, lo berbearen atxakian gogoetan hasita, esamodu-txorta polita akordura etorri jaku. Entzun, entzun ondo, euskaldunok lo zelan egiten dogun…

Lehentxoago gaztetako parrandak aitatu doguz. Gaueko parranda horreek loa galtzea dakarre eta horretarako botikarik onena lo aspertu bat egitea dogu, hau da, zenbat-gura lo egitea.

Gaztetako kontua be bada, edo sasoi horretakoa batez be, gau luzeak estudietan emotea, esku artean liburua dala. Orduantxe, bai, begi-zulo galantak eta lo-zorrak daukaguzanak! Baina oraingoan be, zorrok kitutu gura badira, loak egin behar, ez lo bakarra, loak baino.

Umeen zereginen gainean jarduten dogunean be, lorik egin daben ala ez izaten da, ba, sarritako berbea. Loak erreta egoten ei dira ume koitaduok Eta lo gitxi egin eta ostean izartu ezkero, batzuk-batzuk lo-haserrea be eukiten dabe.

Umeetatik zahartxuagoetara etorrita, nori ez jako etorri lo-zorroa bazkari ederra egin eta gero? Beste batzuk lo-sua edo lo-korromorroa be esaten deutsie, tripea bete-bete eginda etorten jakun logura astun horri.

Holakoetan lo-kukua egitea ez da nahiko, kukuak kantu laburra dauka eta!

Makina bat desbardintasunen artean, lo klasea dogu andrak eta gizonak moltso bitan ipinteko era bat. Gehienean andrak lo arinak ohi dira, eta gizonak, barriz, lo astunak. Hortixek, ba, gizon askoren lo-arrantzak! Eta gizonak, hari horretatik helduta, astoagaz lotu badoguz, andrak, ostera, katuagaz edo erbiagaz egin beharko doguz: lo arinari, katu-loa eta erbi-loa be esaten deutsagu eta.

Eta amaierea helduta, esanguratsutzat joten dogun azkeneko ezaugarri bat berbara ekarri gura dogu: tradizinoan loari emoten izan jakon bizi-zentzuna, loa personatzat hartzea, hatan be. Bizkaieraz, kasurako, Maria Bekaineko izena ezaguna dogu loari esateko. Eta daukan bizi-zentzun hori hain da sakona ze, lo egin orduan, loa bera da hartzen gaituana, loak hartu gaituala esaten dogu, edota, logurearen logureaz zutunik be egon ezinik gabilzanean, loak garoazala esango dogu.

Ea, entzule, lo barik, lo-izarrik entzun badozu gaurko berbalditxu hau, konforme naz. Eta ez daigun ahaztu: «lo ederra, osasun ederra».